Museoak, lurraldeko altxorren gordeleku
Bizkaiko ondarea ezagutzeko 200 jarduera baino gehiago prestatu dituzte foru museoek; tartean daude Bermeoko Arrantzaleen Museoa, Gernikako Euskal Herria Museoa eta Kortezubiko Santimamiñe. Lorea Bilbao kultura diputatuak dio museoak tresna "erabilgarri eta beharrezkoak" direla gizartea sendotzeko eta hazteko, eta "funtsezkoak" direla talentua sustatzeko eta kultur eskaintza "hobetzeko".
Bizkaiko ondareaz gozatzeko 200 jarduera baino gehiago prestatu dituzte Bizkaiko foru museoek aurtengo urterako. 31 erakusketa, 40 bisita gidatu, era askotako 28 eskola-tailer eta familientzako beste 50 tailer, 15 hitzaldi, 14 ondare ibilbide, 75 erakusketa, 6 dastaketa eta 3 argitalpen berri prestatu dituzte. Horiez gain, kontzertuez, jolasez, bisita antzeztuez edo topaketez disfrutatu ahalko dute herritarrek.
Foru museo horien artean daude Bermeoko Arrantzaleen Museoa, Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoa eta Kortezubiko Santimamiñe, eta hamaika izango dira horietan prestatuko dituzten eskaintzak.
Lorea Bilbao Ibarra Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak gaur aurkeztu du aurtengo egitaraua, eta adierazi du museoak Bizkaiko gizartearen eta bisitarien zerbitzura jarriko direla berriro, “lurraldeko altxorrik preziatuenak erakusteko eta nor garen eta nondik gatozen zabaltzeko”. Programa “kalitatezkoa, erakargarria eta askotarikoa” dela azpimarratu du, eta publiko guztientzat egindakoa dela dio: “Guztiok aurkituko dugu gure espazioa eta modu entretenigarrian gure kulturaren ezaugarriez ikasiko dugu”.
Bilbaok dio museoak tresna “erabilgarri eta beharrezkoak” direla gizartea sendotzeko eta hazteko, eta “funtsezkoak” direla talentua sustatzeko; 50 ikaslek baino gehiagok egin dituzte euren lehen praktikak museoetan, eta hamaika artista hasiberriri euren lanak ezagutarazteko aukera eskaini diete. “Frantziako, Italiako, Britainia Handiko, Esloveniako, Alemaniako edo Poloniako kultura eta prestakuntza erakundeekin lankidetzan aritu gara lanean”, zehaztu du diputatuak. Era berean, Bilbaok adierazi du museoak “trena garrantzitsuak” direla udalerrietako kultur eskaintza “hobetzeko”; azken hamar urteetan 80 erakusketa ibiltario baino gehiago antolatu dituzte. “Horrek guztiak museoak euren ingurunearekin lotuta dauden areto eta foru guneak direla frogatzen du, baita gizartea hobeto egituratzeko beharrezkoak direla ere”, esan du kultura diputatuak.
Hala, aurten, 200 jarduera baino gehiago egingo dira foru museoen sareak egunero eskaintzen duen kultur eskaintza ikusarazteko eta lurraldearen kultura eta ondarea, historia eta nortasuna herritarren eskura jartzeko. Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan Mairin Mitchelli eskainitako erakusketa nabarmendu dute, emakumeak lehen lerroan jartzearren, eta Izaro uharteak Bermeoko Arrantzaleen Museoan duen presentzia azpimarratu dute. Baita Santimamileko kobaren eskainzta berritua ere.
Bertoko eskaintzak. Hain zuzen ere, Izaro izeneko erakusketa berria izango du Arrantzaleen Museoak. Erakusketak uhartearen eta bertan ezarritako frantziskotar komentuaren historia ezezaguna erakutsiko du. “Erakusketa harrigarria da, dokumentuak eta objektutak erakutsiko dituena”.
Euskal Herria Museoak, berriz, Mairin Mitchell idazle irlandarra izango du protagonista nagusia Mairin Mitchell. Euskaldunen kronikari irlandarra erakusketan. Bere garaira aurreratutako emakume baten bizitza eta obra biltzen ditu martxotik aurrera ikusi ahalko den bildumak. Idazleak bere kroniken bidez harreman estua eraiki zuen euskal kulturarekin; izan ere, denboraldi luzeak igaro zituen Bermeon eta Gernika-Lumon, besteren artean, eta Acurioren odisea nobela ezaguna idatzi zuen; kontakizunean Elkanoren kontramaisuak lehen ingurabidean izandako gorabeherak kontatu zituen. Irlandarrak harreman estua izan zituen euskaldun ezagunekin, tartean, Manuel de Irujorekin, eta Irujok honako hau esan zuen Mitchelli buruz: “Ez dut ezagutzen atzerriko beste idazlerik gure nazioan, letren erresuman, Mairin Mitchellek egiten duena baino gehiago egiten duenik”.
Santimamiñen, bestalde, barrunbearen ondarearen hezkuntzari eta zabalkundeari buruzko ekintzak garatzen jarraitzeaz gain, haitzuloko atarirako sarbideak hobetzea da asmoa, “benetako bisita egokituagoa eta zuzenagoa eskaintzeko”.