Mundakako EH Bilduk dio herritarren ongizatea lehenetsi behar dela
2021eko balantzea egin du Mundakako EH Bilduk. Jakitera eman dutenez, hemeretzi proposamen baino gehiago aurkeztu zituzten, eta jeltzaleek horietako biri eman zioten baietza.
Mundakako EH Bilduren Udal Taldeak iazko urtearen balantzea egin du, eta alderdien gainetik herriaren eta herritarren ongizateak egon beharko lukeela dio.
Koalizio abertzalekoek “herriaren alde” lan egiteko konpromisoari eutsi diote, 2021eko udal batzarretan hemeretzi proposamen baino gehiago aurkeztuz. Boterean egon direnek, baina, guzti horietatik bi baino ez dituztela onartu adierazi eta beste bi erdizka utzi dituztela gaineratu dute. Hain zuzen ere, jakinarazi dutenez, udalbatzak online ematearen proposamena eta aurrekontu parte hartzaileak bultzatzearenak dira onartu eta gauzatu direnak.
Bestalde, txirrinduak konpontzeko eta garbitzeko guneak egiteko eta garbiketa zerbitzuaren hitzarmena berrikusteko eskaerak “erdizka” geratu direla diote. “Txirrinduak konpontzeko eta garbitzeko espazioak jartzeko eskatu genuen, baina konpontzekoak bakarrik jarri dira. Garbiketa zerbitzua, berriz, oso txarra izan zen iazko urte osoan zehar, eta uda ostean zerbitzua apur bat hobetu dela ikusi dugun arren, arazoa ez da konpondu. Hitzarmena berrikusteko eskatu genuen, eta ez da horrelakorik egin”, zehaztu dute koalizio abertzaleko ordezkariek.
Bestalde, hainbat izan dira ezerezean geratu diren proposamenak. “Guk urtean zehar hainbat proposamen aurkeztu ditugu, eta horiei udal arduradunek emandako erantzunak jaso ditugu kartel batzuetan. Hemeretzi proposamen nagusienetatik bik izan dituzte erantzun positiboak, eta beste bi erdizka gauzatu dituzte. Beste guztiek ez dute erantzun ona izan, eta ezerezean geratu dira”.
Proposamenak. “Lehenengo herria, eta gero alderdia” jartzeko eskaera izan zen egin zuten lehena, baina agintean egon direnek ez dutela horrelakorik bete adierazi dute EH Bildukoek. Horrez gainera, udal kontuak ikuskatzeko eta zinegotziek dietarik ez kobratzeko eskatu dute. Baita Arane edo Ondartzaperi buruzko espedienteak argitzeko, Mundakarentzat S.L desegiteko, eta baimenik gabeko obrak kontrolatzeko ere.
Herri antolamenduari buruzko ekarpenak ere aurkeztu dituzte EH Bildukoek; besteren artean, Lorategi kalean abiadura murrizketa ezartzeko, Lamien eta Atorren parkea atontzeko, herrian kirol anitzak gauzatzeko parkea egiteko, eta zarata-kutsadura murriztuko duen lege bat ezartzeko proposamenak aurkeztu dituzte. Herrian wifi unibertsal eta doakoa jartzeko proposamena ere egin zuten, baita agur zibilentzako legea onartzekoa ere.
Gainera, Mundakako ondarearen zerrenda eguneratzeko beharra dagoela uste dute koalizio abetzalekoek, baita euskara bultzatzearena ere.
“Gure ekarpenak kaleratuta, herritarrei erakutsi gura diegu herriaren alde lan egiten dugula. Izan ere, batzuetan, kritikatu baino ez dugula egiten esaten digute, eta ez da egia. Proposamenak ere mahaigaineratzen ditugu, baina ez dira kontutan hartzen”, azaldu dute.
“Guztien artean herria aurrera eramatea” zela euren asmoa diote EH Bildukoek, baina “EAJk ez duela horrela uste” adierazi dute, “euren kontura” lanean ari direla arrazoituz: “Gurekin gutxi hitz egiten dute”.
Hala eta guztiz ere, “herriaren alde lan egiten jarraituko” dutela esan dute, “herriaren eta herritarren onerako izango diren ideiak proposatzen”. Eta euren apustua proposamenak egiten jarraitzea dela onartu dute: “Guk gurearekin jarraitzen dugu, prest gaude edonorekin lan egiteko, bai alkate ohiagaz zein alkate berriagaz ere. Udalean lan egiteko gaude, guztion alde lan egiteko. Izan ere, uste dugu alderdia alde batera utzi eta herria jarri behar dela lehenengo postuan”.