LAB: "Lan erreforma berriak ez die euskal langileen beharrei erantzuten"
Kontserberetan, zaintza lanetan edota garbikuntza lanetan "prekarietatea" dagoela eta hori "araututa" dagoela salatu dute. Euskal gehiengo sindikalak deituta Bilbon egingo duen manifestaziora joateko deia egin dute, "lan erreforma errefusatu eta lan harremanen euskal esparrua defendatzeko".
Lan erreforma berria onartzeko egun gutxi falta direnean, LAB sindikatuak ezetza adierazi dio “euskal langileen beharrei” erantzuten ez dien lan erreforma berriari. “Garbi esan nahi dugu erreforma honek ez diela euskal langileriaren beharrei erantzuten. Erreforma bertan behera utzi dutela diote, baina egin duten gauza bakarra apurbat moldatzea da, patronalaren desioak betez”, salatu dute gaur Bermeoko kontserberen aurrean egin duten protestan.
Lan erreformaren aurka Euskal Herri osoan egin diren mobilizazioen baitan hainbat eskaera entzunarazi nahi izan ditu sindikatu abertzaleak. Izan ere, salatu dutenez moldaketak “ez dira nahikoak edota ez die euskal langileen beharrei erantzuten”.
Hori horrela, kontserberetan, zaintza lanetan edota garbikuntza lanetan “prekarietatea” dagoela eta hori “araututa” dagoela salatu dute gaurko mobilizazioan. Hain zuzen, Bermeoko kontserba sektoreko lantegien aurrean geldialdia egin dute, baita Bermeoko Egoitz Alai zahar etxearen aurrean ere.
Zaintza eta oinarrizko lanetan diharduten sektoreetako emakumeen egoera seinalatu gura izan dute Egoitz Alai zahar etxearen aurrean, “erreforma horrek eskubide gutxien dutenak gutxiago izatera bultzatzen baititu”. Zaintzarekin “ez dela negoziorik egin behar” adierazi eta salatu dute LABekoek: “Zuen oasian zaintza ez da izango negozioa. Zaintzarekin negozioa egin nahi duzue langileen lan baldintzak urratuz: egutegi gabeko lanaldiak, ratio jasanezinak… Langileek beraien osasunarekin ordaintzen dute”. Datu bat eman dute, gainera: %60 dira Egoitz Alai zahar etxean lan osasunagatik bajan dauden langileak. “Ikaragarrizko lan zama dute, ez dizkiete beraien atsedenak errespetatzen, momentuoro ari dira langileen lan egutegiak aldatzen… Pandemia hasi zenetik ikaragarri okertu dira euren lan baldintzak, eta, ondorioz, egoiliarrei ematen dieten arrera ere. Zaintzarekin ez da jolasten, ez erabili zaintzaa zuen oasiak eraikitzeko”, arrazoitu dute koalizio abertzalekoek, eta arduradunek eskatu diete langileen lan baldintzak errespetatzeko.
“Gehienetan”, prekarietatea araututa duten lanbide gehienak “sektore feminizatuak” direla adierazi dute, sektore horietako langileek “zapalkuntza bikoitza jasaten dutela” azpimarratuz. “Enpresariak emakumeez aprobetxatzen dira, lan eskubideak kendu eta eurekin poltsikoak betetzeko. Hau da gaur salatu duguna. Baina eskubide urraketa horiek ez dira zoritzarrez gaur seinalatu ditugun lantokietan bakarrik ematen”, adierazi dute LABekoek.
Errealitatera egokituta. Hori horrela, Euskal Herriaren errealitatera egokitutako erreforma “beharrezkoa” dela adierazi dute, langileen antolakuntzaz eta borrokaz lor daitekeela sinistuta. Izan ere, hainbat hitzarmen Euskal Herriko egoerara egokitzea lortu direla adierazi dute: “Kontserberetako langileek Bizkaiko Hitzarmenean euren eskaerak lortu dituzte. Gogor borrokatu dute horretarako. Adibide dira Lea-Artibai eta Busturialdean egindako greba eta mobilizazioek izan duten oihartzun handia”.
Horregatik, domekan, euskal gehiengo sindikalak deituta Bilbon egingo duen manifestaziora joateko deia egin dute, “lan erreforma errefusatu eta lan harremanen euskal esparrua defendatzeko”. Mobilizazioa 12:00etan aterako da Moyuatik. “Hemen bizi gara, eta hemen erabaki nahi dugu. Horregatik behar dugu estatu burujabe bat. Gure egitasmoak aurkeztuz eta eskainiz lortuko dugu hori. Hori dela eta, Bilboko kaleak bete behar ditugu eta Euskal Herriko gehiengo sindikalarekin batera, erreforma honi ezetz esan behar diogu”.