Holokaustoaren biktimak gogoan, Astrako babeslekuan
Holokaustoaren biktimak Oroitzeko Nazioarteko Eguna da gaur, urtarrilak 27. Jardun Koordinadorak gogora ekarri gura izan ditu kontzentrazio esparruetan "erail" zituzten euskaldunak.
Jardun Koordinadorak ez du ahaztu gaur urtarrilaren 27a dela; gaur, Holokaustoaren biktimak Oroitzeko Nazioarteko Eguna dela gogorarazi gura izan dute, eta Gernika-Lumoko Astrako babeslekua aukeratu dute horretarako: “Gernika-Lumotik aire erasoen babeslekuan, nazi eta faxisten bonba erasoetatik herritarren gordelekua izan zen tokitik gure memoria antifaxistaren konpromisoa aitortu gura dugu. Gure gogoeta nazismo eta faxismoaren aurka borrokatu zuten burkideentzako da, bizia eman zutenentzako”.
Azaldu dutenez, kontzentrazio esparruak askatu ziren egunean, gogora ekarri gura izan dituzte eremu horietan “erail” zituzten euskaldunak; “iturri batzuen arabera, 200dik gora izan daitezke”. Busturialdeko herritarrak ere nazien presoak izan zirela gogorarazi du Jardun Koordinadorak. Ez daukate datu zehatzik, eta hortaz, ez dakite zenbat izan ziren eremu horietan egon ziren Busturialdeko bizilagunak. Batzuk, baina, aipatzen dituzte. Esaterako, Mauthsusengo kontzentrazio esparruan desagertu zen Pedro Madariaga bermeotarra edota Flossenburgen fusilatu zute Anjel Lekuona busturiarra.
“Ez ditugu ahaztuko. Horien borroka presente dago oraindik, eta horien oroimena mantentzeko egin dezakegun hoberena horien borrokan tinko jarraitzea da. Askatasunaren alde eta faxismoaren kontra lehen, orain eta beti”, esan dute.