Itsuki Irratiak emisioa "behin betiko" etengo du datorren martitzenean
Azaldu dutenez, emisioa etetzea erabaki dute "ezin dutelako proiektu bideragarri batekin jarraitu".
Atzera kontua hasi da Itsuki Irratiarentzat. Gaur bertan jakitera eman dutenez, ia 37 urteko etengabeko jardueraren ostean, emisioa “behin betiko” etengo dute datorren martitzenean, otsailaren 1ean. Emisio etetzea erabaki dute “ezin dutelako proiektu bideragarri batekin jarraitu”.
Azaldu dutenez, galerak pilatzen ibili dira azken urtetan: “Zoritxarrez, gastuak handitzen ari dira azken urteetan diru sarrerak etengabe murrizten ari diren bitartean, batez ere, publizitatearen aldetik”. Arazo horrengatik, irratian behar duten ekipamendu teknikoa mantentzeko eta inbertsioak egiteko, berritzeko eta modernizatzeko “ezintasuna” izan dutela aipatu dute. Era berean, soldatak atzerapen handiagaz kobratzen ibili direla diote, horrek Irratiko zuzendaritza eta langileen “motibazio falta” eragin duela nabarmenduta.
“Diru sarrerarik handiena Bermeoko Udaletik jasotzen dugu, urteroko diru laguntza moduan ematen dute. Bigarren diru sailik garrantzitsuena publizitatetik datorkigu, eta bazkideen ekarpenak eta loteriaren salmentaren laguntzek osatzen dute diru sarreren gainontzekoa. Baina hori guztia ez da nahikoa irratiaren egonkortasun ekonomikoa bermatzeko, administrazio publikoaren edo kapital pribatuaren inbertsio handirik gabe”, azaldu dute ohar bidez irratiko arduradunek.
Horregatik guztiagatik, Itsuki Irratiko arduradunek irratia behin betiko ixteko erabaki “zorrotz eta tristea” hartu beharra eduki dute; “egoera ekonomiko larriari irtenbiderik aurkitzeko gai izan ez direlarik”.
Gogorarazi dute, 1985eko ekainaren 2an jaio zela Itsuki Irratia; urte hartan herrian ospatu zen Ibilaldiarekin bat eginez hasi ziren emititzen. Urte hauetan guztietan, herriko irratiak bere uhinen eta interneten bidez “entzule asko informatu eta entretenitu” ditu egunero.
Entzuleak eskertu gura dituzte, “ibilbide luze honetan emandako laguntza, estimu eta leialtasunagatik”. Diotenez, Itsuki Irratiaren helburu nagusia beti izan da Bermeoren alde lan egitea; “baliabide ekonomiko, tekniko eta giza baliabide gabezia, ilusio dosi handiz konpontzen ahalegindu dira urte hauetan guztietan irratitik pasatu diren kide guztiak”.