Herriko tabernak itxura berria dauka
Obra burutzeko 211.450,37 euroko aurrekontua behar izan dute, asko izan baitira eraikinaren kanpoaldean zein barrualdean egin dituzten hobekuntza lanak.
Ajangizko herriko taberna egokitzeko obrak amaituta, itxura berria dauka Mendietako herritarren topaguneak. Herriko tabernaren egokitzapena egitea “beharrezkoa” zela dio Koldo Carbonell alkateak, taberna orain dela 28 urte egin zelako, eta ordutik hona osasun baldintzak “asko” aldatu direlako.
Obraren helburu nagusia zen taberna lizitaziora ateratzeko baldintza egokietan jartzea. “Herriko taberna denez, bere erabilpena lau urtetik behin lizitatzen da, eta hori egin ahal izateko, Eusko Jaurlaritzaren osasun baimenak behar dira. Baimen horiek lortze aldera, tabernaren egokitzapena egitea ezinbestekoa zen”, azaldu du alkateak. Iaz hasi ziren obrak, eta amaitu dituzte dagoenerako. Hala, herriko tabernaz “ahalik eta arinen” gozatzea espero dute.
Obra burutzeko, 211.450,37 euroko aurrekontua behar izan dute, eta Eusko Jaurlaritzaren landa eremuak sustatzeko eta garatzeko sailari diru laguntza eskatu behar izan diote.
Asko dira eraikinaren kanpoaldean zein barrualdean egin dituzten hobekuntza lanak. Hala ere, barruko aldea egokitzea eta konpontzea izan dela obraren zatirik handiena eta lan gehien behar izan duena adierazi du Carbonellek.
Lehen solairuko espazioa erabilera anitzeko gune bihurtu dute, lehen zegoen egitura berrantolatuta. Tabernako barra ere erabilgarriagoa da orain, eta lanak errazago egitea ahalbidetzen du. “Tresneria ere berria da”, zehaztu du alkateak. Halaber, barraren atzealdean ogitartekoak eta pintxoak egiteko plantxa bat jarri dute, baita goiko eta beheko solairua konektatuko dituen karga jasogailua eraiki ere. Beheko solairuko biltegia osatzeko, bi armairu jarri dituzte, bata eskailera nagusiaren azpian eta bestea telebista zegoen tokian..
Lehen solairuan zegoen karakol eskailera kendu dute, eta jatetxeari leku gehiago ematen dio berri bat jarri dute. Horrez gainera, bi komun berri egin dituzte, eta horietako bat elbarrientzat egokitu dute.
Bigarren solairuari dagokionez, ezkaratza berritu dute, eta jatetxea dagoen lekuan solairuko altuera teilaturaino handitu dute. Goiko teilatupera joateko eskailera sukaldetik ateratzen da kanpora.
Eraikin guztiko egurrezko egitura “berrikusi, garbitu, indartu eta egokitu” egin dutela ere azpimarratu du Carbonellek, eta horretarako burdinezko hodiak erabili dituztela zehaztu du. Gainera, barruko saneamendua, ura, argiteria eta aireztaen sistemak ere guztiz berritu dituztela dio, “berunezko hodien bitartez”. Alkateak gehitu du suteen aurkako protokoloa betetzen duela herriko tabernak orain, bost itzalgailu ipini dituztelako eta sukaldeko kanpaian sua itzaltzeko instalazio automatikoa jarri dutelako. “Energia alperrik ez galtzeko protokoloa ere landu da, eta hodi ezberdinentzako tokiko giltzak jarri dira”, zehaztu du alkateak.
Hori horrela, ajangiztarrentzat horren garrantzitsua den bilguneak itxura berria dauka, eta lizitaziora ateratzeko helburua bete dute, “ahalik eta arinen esleitzeko” eta zerbitzua eskaintzen hasi ahal izateko; otsailaren 16ra arte aurkeztu daitezke proposamenak.
Ajagiztarrentzako “leku esanguratsu bezain garrantzitsua” da herriko taberna, herritarrak elkartzeko tokia. Funtzio sozial handia duen lekua dela dio alkateak, bertan batzen dira eta, herriko zein inguruetako bizilagunak: “Herri zabala da Ajangiz, eta herriko tabernak herriko bizilagun guztiak biltzen ditu. Bertan zerbait jan eta edateaz gain, biztanleen arteko komunikazioa eta harremanak landu ahal direlako”, azaldu du, eta ondokoak ikusteko, berriak kontatzeko eta leku atseginean lasai egoteko aukera dela gehitu du.
Herriko zein inguruetako bizilagun horien hartu-emanak zuzen-zuzenean ezagutu dituen Karmelo Crespori egindako lana eskertu gura izan dio udalak, 1993an herriko taberna eramatearen ardura hartu zuenetik, gelditu barik ibili baita lanean. 27 urte eta erdiz bere etxe izan denari agur esan zion iaz, jubilatu egin baitzen.