Bermeoko Udalarekin akordioa lortu gura dute garbitzaileek, "genero eta soldata arrakalagaz amaitzeko"
Udal-eraikin eta lokalen garbiketaz arduratzen diren emakumeek lanean bizi duten "genero eta soldata arrakala" salatzeko manifestazioa deitu dute otsailaren 3rako. Bermeoko Udalak dio ez dela bere eskumena, eta langileei eta enpresei eskatu die elkartzeko eta arazoari irtenbide egoki bat emateko.
Bermeoko udal-eraikin eta lokalen garbiketaz arduratzen diren emakumeek lanean bizi duten “genero eta soldata arrakala” salatu dute gaur [urtarrilak 26], eta manifestazioa deitu dute otsailaren 3rako; 11:00etan Lameratik abiatuko da mobilizazioa, eta herritarrei parte hartzeko deia egin diete.
Euren ogibideko genero arrakala salatzerakoan, garbiketa arloan dauden bi multzoen aldeak azpimarratu dituzte. Hain zuzen ere, kale garbiketako “sektore maskulinizatuaren“, eta eraikin eta lokalen garbiketako “esparru feminizatua” arteko lan baldintzak “zeharo desberdinak” direla adierazi dute; kale garbitzaileak udal langileak dira, eta eraikin eta lokalen garbiketa zerbitzua azpikontratatuta dauka udalak. Hori dela eta, garbitzaileek akordioa lortu gura dute udalagaz, euren lan baldintzak hobetu eta genero eta soldata arrakalagaz amaitzeko.
“Garbikuntzako sektorean azpimarratzekoa da, eraikin eta lokaletako garbitasunean, emakumeak baino ez gaudela lanean, eta gure urteko soldata gordina 15.943,20 eurokoa dela. Kale garbitasunean, ordea, ia langile denak dira gizonezkoak eta haien urteko soldata gordina 25.189,79 eurokoa da; horri, gainera, plusak gehitu behar zaizkio kalean garbitzeagatik”, zehaztu dute eraikin eta lokal garbitzaileek. Bi taldeen artean 9.246,60 euroko desberdintasuna dagoela salatu dute, “hori ez dela kasualitatearen ondorioa” esanez, eta arazoak izena daukala adieraziz: “Genero eta soldata arrakala”.
Hilabeteak daramatzate euren egoera salatzen eta udalari hainbat bilera eskatu dizkiotela azaldu dute, udalaren “arduragabetasuna” salatuz: “Bermeoko Udalarentzako ez da arazo garrantzitsua. Izan ere, 2021eko uda aurretik deitutako greba egunekin bilerarik lortzen ez genuela ikusita, greba mugagabera jo genuen irailaren 27an”. 132 greba egun bete dituzte, eta oraindik ez dutela bilerarik lortu adierazi dute.
Azpi kontrataturiko zerbitzua. Bermeoko Udalak argi utzi gura izan du langile horiek ez direla udal langileak, bi enpresetako langileak direla baizik, eta, enpresa horiek udalari zerbitzua eskaintzeaz arduratzen direla gehitu du: “Hau da, udala enpresen bezeroa da. Hori hala izanik, ez da udalaren eskumena beste enpresa bateko langileen baldintzak negoziatzea. Udalaren eginkizuna da enpresa hauei sinatu duten kontratua betearaztea eta herritarrei kalitatezko zerbitzua eskaintzea”.
Erakin eta lokaletako garbitzaileek, baina, udalarekin akordioa sinatzea “beharrezkoa” dela uste dute, egoerari irtenbide bat aurkitzeko: “Aitzakia gisa erabiltzen dute ematen dugun zerbitzua azpikontratatuta dagoela, horrek udalak gurekiko eta zerbitzuarekiko duen ardura ezabatuko balu bezala. Hala ere, ELA sindikatuaren eta zerbitzua kudeatzen duten enpresen ustez, udalarekin akordia lortzea beharrezkoa da irtenbide bat aurkitzeko”. Udalaren erantzuna, “beti ezetza” izan dela kritikatu dute: “Ez biltzeari eta ez akordioari”.
Bermeoko garbitzaileek euren egoera konparatu dute osasun eta hezkuntzako garbitzaileen egoerarekin. Diotenez, Osakidetzak zein Eusko Jaurlaritzak “hitzarmen propioak” sinatu dituzte haien langileen artean zeuden “soldata arrakalak gutxiagotzeko”.
Halaber, hainbat udaletxetan ere arrakala gutxiagotzea lortu dutela adierazi dute: Durangon, Zornotzan, Ermuan, Zaldibarren edota Elorrion. “Hori lortzeko borrokan ari gara, baina ezinbestekoa da Bermeoko Udalak genero arrakalari behar besteko garrantzia ematea, eta akordio bat lortzeko gurekin biltzea“.
Udalak orain arte hartutako erabakiak plazaratu dituzte: “Guk ematen dugun zerbitzuaren kudeaketa enpresa pribatuen esku utzi dute, eta kudeaketaren gaineko inongo kontrolik ez dute gauzatu. Gainera, gizonezkoena publiko mantendu dute”. Halaber, udalari leporatu diote enpresa pribatuek lan baldintzak betetzen ez zituztela jakitean, “inongo neurririk hartu ez izana”, eta baita, grebarako eskubidea “urratu” izana eta greba bera “boikoteatzea” ere: “Gauden egoeran egonda, udalerriko zerbitzu guztiak garbitasun zerbitzurik gabe mantentzea herritarrentzako kaltegarria ere bada”.
Azken arrazoi horregaz bat dator udala. “Enpresaren eta langileen arteko arazo honetan bermeotarrak gara galtzen ateratzen garenak. Izan ere, hainbat zerbitzu eman gabe daude –ez behintzat %100ean– garbitasun falta dela-eta”, azaldu dute udal ordezkariek. Udaletik langileei eta enpresei eskatu diete elkartzeko eta arazoari irtenbide egoki bat emateko, herritarrak “kaltetuak” ez izateko eta zerbitzuak “berriz ere %100ean” eskaintzeko.
Era berean, udaletik gaineratu dute, jakin badakiela eraikinetako garbitzaileak euren Bizkaiko hitzarmen kolektiboa negoziatzen ari direla patronalagaz, eta hitzarmen horren barruan sartzen direla udalak eta enpresek sinatuta dituzten kontratuak: “Beraz, negoziazio hori izan behar da akordurako bidea eta sindikatuari eskatzen diogu maila horretan lan egitea”.