2023ko Tourraren 1. etapa Busturialdetik pasatuko da
2023ko uztailaren 1ean Bilbon hasi eta amaituko den etapak zeharkatuko du Busturialdea.
Gasteizko Europa Jauregian gaur arratsaldean [urtarrilak 26] egin duten ekitaldian eman dituzte datorren urteko Tourraren (110. edizioa) lehenengo hiru etapen xehetasunak.
2023ko uztailaren 1ean Bilbon hasi eta amaituko den 185 kilometroko etapan Busturialdetik pasatuko dira txirrindulariak. 3.320 metroko desnibela izango du ibilbideak, Frantziako Tourraren historian lehenengo etapa batek izan duen handiena.
Bilboko udaletxearen parean egongo den helmugara heldu aurretik, bost mendate txiki igaroko dituzte: Laukiz, Gaztelugatxe, Morga, Vivero eta Pike Bidea. Eta birritan pasako dira Gernika-Lumotik. Urdaibaiko hainbat udalerritatik barrena ibiliko dira, besteak beste, Laga hondartzaraino (Ibarrangelu) joan, eta Ereñotik eta Nabarnizetik ere pasatuko dira. Aurkezpenean esan dutenez, ibilbide “biribila eta erabat bizkaitarra” izango da. Kostalde malkartsua eta Urdaibaiko Biosfera Erreserba zeharkatuko dituen etapa, “oso gogorra” izango da, “zailtasunez betetakoa”, eta “amaiera gogorra” izango dituena.
Etape 1 🚩 @bilbao_udala – @bilbao_udala 🏁 185 km
— Tour de France™ (@LeTour) January 26, 2022
🚴♂️ This Biscay loop will contrast the savage hills with the shores of the Cantabrian sea 🌊
🚴♂️ Cette boucle entièrement tracée en Biscaye sillonnera
les sauvages collines qui bordent la mer Cantabrique 🌊#TDF2023 pic.twitter.com/TRuSDQm3we
Gasteiz eta Donostia artekoa izango da 210 km-ko 2. etapa. Arabako hiriburuan hasita, goi-lautadatik itsasorantz, Donostiarantz abiatuko dira txirrindulariak. Araban eta Gipuzkoan zehar ibilbide “gorabeheratsua” egin ostean, Jaizkibelgo azken igoerarekin egingo dute topo txirrindulariek, Donostiako Klasikoaren kontrako norabidean, “baina gogortasun berarekin”.
3. etapa Zornotzan hasi eta Baionan amaituko dute. Txirrindulariak 80 kilometro egingo dituzte euskal kostaldetik. Bizkaian hasi eta Gipuzkoa zeharkatu ondoren sartuko dira Lapurdira (etapa horren amaieraren zehaztasunik ez dute eman).
Iñigo Urkullu Lehendakariak azpimarratu du 2023an Frantziako Tourra Araba, Bizkai eta Gipuzkoatikk abiatzea ahalegin kolektibo baten ondorio dela: “Erakunde nagusiok bat egin dugu: Jaurlaritzak; aldundiek eta hiriburuetako udalek bat egin dugu. Gure nahia da nazioarteko ekitaldi honen bidez Euskadi zer den, eta munduan zer izan nahi duen, ezagutarazteko aukera baliatzea”. Hain zuzen, gaurko aurkezpenean egon dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Diputatu Nagusiak, Ramiro Gonzalez, Unai Rementeria eta Markel Olano, Bilbo, Gasteiz eta Donostiako alkateak, Juan Mari Aburto, Eneko Goia eta Gorka Urtaran, eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria, txirrindularitza munduko hainbat ordezkarirekin batera.
Lehendakariak gaineratu du “pandemiaren aurkako borroka ere ahalegin kolektiboaren adibide bat” dela: “Egia da gure ohitura eta portaera asko baldintzatzen ari dela, eta kirola egiteari ere eragiten diola. 2023an errealitate berri bat ezagutu ahal izateko itxaropena dugu eta izan dadila datorren urteko Tourra ekitaldia bere osotasunean bizitzeko aukera emango diguna”.