Eskualdeko garapen ekonomikoa indartzeko diru laguntzak emango dituzte
Diruz lagunduko diren kontratuen iraupena 3 eta 6 hilabete bitartekoa izango da; ez dira diruz lagunduko %50etik beherako lanaldi erdiko kontratuak, ez eta prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratuak ere. Interesa daukatenek apirilaren 1a izango dute eskabideak aurkezteko azken eguna.
Busturialdeko udalek, Gernika-Lumoko Lanbide Ekimenak eta Bermeo, Mundaka eta Sukarrietako Behargintza Garapen Agentziaren bitartez, diru laguntzak emango dituzte “enplegua sustatzeko eta, horrenbestez, eskualdeko garapen ekonomikoa indartzeko“. Jakitera eman dutenez, enpresei bideratutako diru laguntzak izango dira. Interesa daukatenek apirilaren 1a izango dute eskabideak aurkezteko azken eguna. Guztira, 274.852,96 euro bideratuko dituzte.
Jakitera eman dutenez, diruz lagunduko diren kontratuen iraupena 3 eta 6 hilabete bitartekoa izango da; ez dira diruz lagunduko %50etik beherako lanaldi erdiko kontratuak, ez eta prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratuak ere.
Enpresek jasoko duten diru laguntza, gehienez, 6.000 eurokoa izango da kontratua lanaldi osokoa eta sei hilabetekoa denean, betiere, Lanbiden enplegu eskatzaile modura badago eta Busturialdean erroldatuta dagoen pertsona bat kontratatzeko bada.
Diru laguntzaren zenbatekoa, gehienez, 9.000 eurokoa izan daitekeela esan dute kontratua lanaldi osokoa eta sei hilabetekoa denean, baldin eta laneratzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboetako pertsona bat kontratatzen bada; Busturialdean erroldatutakoa izan behar da eta Lanbiden izena emanda egon behar da. Kasu horretan, soldataren %100era arteko diru laguntza eman ahalko dutela zehaztu dute.
Toki erakundeek, gutxienez, emakumeen %40aren kontratazioa bermatu beharko dute.
Leku aldaketa Gernikan. Lanbidek Gernika-Lumon zeukan bulegoa lekualdatu du. Orain, Don Tello kaleko 11-13 zenbakietan ematen du zerbitzu publikoa, eta ohiko ordutegia mantentzen du; hau da, 08:30etik 14:00etara bitartean bertaratu ahalko da bulegoetara. Joan den asteko barikura arte, Karmelo Etxegarai kalean egon zen Lanbideren bulegoa, eta barikuan itxita egon ostean, astelehenean zabaldu dute bulego berria.