Bizkaitarrek nagusitasun osoz irabazi diete errioxarrei Urbietan
Emakumezkoen Euskal Ligan, Gernika RT-Getxo RT taldeak 91 eta 5 irabazi zion Domiberia RC Riojari zapatu arratsaldean [urtarrilak 22], Urbietan.
Lehia estuagoa espero zuten etxeko jokalariek, baina nagusitasun osoz lortu zuten garaipena. Zelaian “oso gustura” sentitu ziren: “Irabaztea espero genuen, joanekoan bat gutxiagogaz joan ginen hara eta azkenenengo bost minutuetara arte irabazten joan ginelako. Baina ezusteko handia izan zen, ez genuelako espero hain erraz irabaztea”.
Aldaketa asko egiteko aukera eduki zuten, eta horrek “pila bat lagundu” zien. Getxoko lehenengo taldeko bi jokalari aritu ziren eurekaz, lehen taldean minutu gutxi jokatzen dituztenak: “Aldaketak egiteko jendea edukitzea garrantzitsua izaten da. Deskantzatzeko balio du, eta era berean, lasaitasuna edota segurtasuna ematen du”.
Aurreko asteburuan gozatu gabeko garaipena lortu zuten Eibarren kontra, eta oraingoan gozatu badute ere, partidu lehiatuetan gehiago gozatzen dutela diote: “Oraingoan apur bat lasaiago hartu dugu, eta jokaldiak landu eta ondo pentsatu ditugu. Gure joko-zabaltzaileak berriak dira, inoiz ez dute jokatu posizio horretan, eta eurentzat jokoa geldi egotea eta pentsatzeko denbora edukitzea ondo dator, erritmoa hartzen joan daitezen”. Gero eta gusturago sentitzen direla azpimarratu dute: “Nahiz eta garaipen errazak izan, ikusi dugu gauza politak irtetzen hasi direla. Gutxinaka-gutxinaka aurrerapausoak ematen ari gara, eta alkar gehiago ezagutzen gara, badakigu bakoitzak zelan jokatzen duen. Badakigu zelan jokatu behar dugun”.
Hurrengo jardunaldia ere etxean lehiatuko dute. Otsailaren bigarren asteburuan Durangoren kontra jokatuko dute. Hiru jardunaldi geratzen zaizkie. Beste biak martxoan izango dira; bata Elorrion jokatuko dute, eta bestea, Urbietan La Unicaren kontra. “Gure helburua da entrenamenduetan egiten duguna lantzea, ondo antolatuta jokatzea. Lanean eta Gernikan jokatzen jarraitu behar eta nahi dugu, halako giroagaz. Ea jende gehiago animatzen den gugaz jolastera. Datorren urtera begira jendea lortzea da helburua”.