Binakako txapelketaren Santanapeko partidurako sarrerak salgai daude
Altuna III- Martija eta Urrutikoetxea-Aranguren bikoteak lehiatuko dira otsailaren 4an. Partidu horren aurretik, Alberdik eta Uriondok Salaberria eta Erostarberen kontra lehiatuko dute Binakako Promozio Txapelketaren kanporaketa.
EPELen Binakako Txapelketaren eta Binakako Promozio Txapelketaren partiduak hartuko ditu Gernika-Lumoko Santanape frontoiak otsailaren 4an (barikua), 20:00etatik aurrera, eta sarrerak aurresalmentan eskuratu daitezke.
Aterpe, Azules eta 1000 Kolorau Tabernetan eta Endika Kafetegian daude salgai. Kantxako sarrerek 25 euro balio dute eta errebotekoek 20 euro. www.baikopilota.eus eta aspepelota.eus webgunean ere erosi daitezke.
EPELen Binakako Txapelketaren 12. jardunaldian Altuna III- Martija eta Urrutikoetxea-Aranguren bikoteak ariko dira zein baino zein gehiago.
Gaueko partidu nagusi horren aurretik, Alberdik eta Uriondok Salaberria eta Erostarberen kontra lehiatuko dute Binakako Promozio Txapelketari dagokion neurketa.
Binakako EPEL Txapelketako ligaxkaren sailkapenean, Altuna eta Martija laugarren daude, orain arte jokatutako hamar partiduetatik sei irabazita. Urrikoetxeak eta Aragurenek, berriz, lau garaipen eskuratu dituzte momentuz, eta azken-aurreko postuan daude–zazpigarren–.