Gipuzkoarrek irabazi dute derbia
Derbian jokoan zeuden puntuak etxean geratu ziren atzo. Lointek Gernika Bizkaiak 75 eta 54 galdu zuen IDK Euskotrenen kontra, Donostiako Josean Gasca kiroldegian
Azkenengo laurdenean erabaki zen Emakumezkoen Ligaren 18. jardunaldiko partidua. Hiru astetan partidurik lehiatu barik egon izana igarri zuten Lointek Gernika Bizkaiakoek. IDK Euskotrenekoek, berriz, sasoi onean daudela erakutsi zuten.
Partiduan sartzeko eta euren jokoa egiteko eduki zituzten zailtasunak aitatu zituen Mario Lopez Gernikaren entrenatzaileak: “Ez dugu eduki intentsitate eta desio nahikorik. Ondo irten gara, baina, gero, ezin izan dugu partiduan sartu. Ez gara gai izan erasoko bi jokaldi on jarraian egiteko, eta defentsan ere ez dugu gure puntua aurkitu. Azkenengo laurdenera bizirik heldu gara, baina 26 eta 13ko partzialari esker irabazi dute”. 19 eta 12ko partzialagaz hasi ziren, eta 30 eta 25eko markagailuagaz heldu ziren atsedenaldira. Hirugarren laurdena ere bost puntuko aldeagaz (46 eta 41) amaitu zuten, baina azken minutuetan bi taldeen arteko aldea nabarmendu zen, eta markagailuan ere islatu zen.
Partidu garrantzitsuak, erabakiorrak dituzte orain. COVID-19agatik atzeratutakoak ere jokatu behar dituzte tartean, azken urteetan modura, Erregina Kopara sailkatzea bada denboraldi hasieran zehaztutako helburuetako bat. Lopezek esan bezala, zer hobetu behar duten aztertu behar dute, baina, batez ere, “erasokorrago” jokatzearen garrantziaz mintzo da entrenatzaile gernikarra: “Erasokor jokatu, gogoak berreskuratu, esfortzu handia egin eta pistan komunikazioa hobetu behar dugu”. Gipuzkoarren kontra neurketan hori falta izan zitzailea uste du.
Belen Arrojo jokalariak dio IDK kalitatezko jokalariak dituela, eta eurek eduki duten halabeharrezko etenaldia ere igarri zutela: “Denbora asko egon gara jokatu gabe; partiduen erritmoan sartu nahi genuen, eta behar genuen. Partidu honetatik ikasi eta hobetzen segitu behar dugu, partidu oso garrantzitsuak datorzkigulako. Akats denetatik ikasten segitu behar dugu”.
Sei talde Erregina Kopara sailkatu dira dagoeneko, eta, beraz, bi txartel daude jokoan: “Datozen hiru partiduak jarraian eta pista konplikatuetan dira. %100 ematen segitu behar dugu”.
Atzeratutako sei partiduetatik bi aste honetan jokatuko dituzte. Eguaztenean [urtarrilak 26] 15. jardunaldikoa jokatuko dute Cadi La Seuren kontra, 20:00etatik aurrera, Lleidan.”Dinamika onean dago, eta gainera, euren kantxan ariko da. Talde handi bat izan, akatsak zuzendu, eta talde teknikoak agindutako lana ahalik eta ondoen egin behar dugu”, azaldu du jokalari granadarrak.
Domekan [urtarrilak 30], berriz, 13. jardunaldikoa lehiatuko dute Campus Prometeren kontra, 18:00etan hasita, Logroñon.