Azken momentuan markagailua iraulita, Alcobendas nagusitu da Urbietan
Etxean jokatutako "partidurik onenetarikoa" izan dela uste du Eduardo Maidagan Gernika RTren entrenatzaileak. Julian Izagirre jokalariaren hitzetan, "neurketa parekatua" izan da, eta aukerak ondo aprobetxatu ez izana "garesti ordaindu" dute.
Ohorezko Mailaren 10. jardunaldian, Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldeak 10 eta 12 galdu zuen Lexus Alcobendas Rugbyren kontra atzo eguerdian [urtarrilak 23], Urbietan. Ia partidu osoan markagailuan aurretik izan ziren basurdeak, baina azken minutuetan neurketak ihes egin zien.
“Beharbada etxean jokatutako partidurik onenetarikoa izan da. Zelaian ondo kokatuta irten ginen. Aurretik jarri, eta horrela mantendu ginen azken minutuetara arte. Eurek euren aukera aprobetxatu zuten”, esan du Eduardo Maidagan entrenatzaile gernikarrak.
Eduardo Maidagan (Gernika RTren entrenatzailea): “Beharbada etxean jokatutako partidurik onenetarikoa izan da”
Lanean jarraitu behar dutela dio entrenatzaileak, eta horixe azpimarratu du Julian Izagirre jokalariak ere: “Hurrengo jardunaldirako detaile txikiak eta akatsak zuzendu behar ditugu”. VRACen partidu horretarako “motibazioz beteta” daude: “Lortu dugun bonus puntua beharrezkoa da. Lanean segituko dugu hurrengo asteburuan partidua irabazteko ahal dugun guztia egiteko”.
Denboraldi gogorra izango zela bazekiten, eta horrela izaten ari da. Sailkapenaren beherengo postuan, garaipen bakarragaz eta zazpi puntugaz dago talde gernikarra. Bigarren astez jarraian etxean jokatuta, Urbietan, zaletuen aurrean, irabazi beharrean eta “gogo handiagaz” zeuden. Helburua ia lortu zuten atzo, baina Izagirrek esan bezala, defentsan eta erasoan “ondo” aritu baziren ere, egindako akatsek eta aprobetxatu gabeko aukerek eragina izan zuten azken emaitzan: “Berdinduta hasi gara, eta gero, guk aurrea hartu dugu. Eurek ere ondo defendatu dute. Lehenengo zatian akats handi bat egin dugu, eta agian, horrek partiduaren norabidea baldintzatu digu. Kolpe bat huts egin dugu azken jokaldian. Bigarren zatian gehiago parekatu da partidua, eta sortu zaizkigun aukera asko ez ditugu aprobetxatu. Maila honetan hori garesti ordaintzen da. Eurek bai aprobetxatu dituzte aukerak”.
Julian Izagirre (Gernika RTko jokalaria): “Lehenengo zatiaren amaieran akats handi bat egin dugu, eta agian, horrek partiduaren norabidea baldintzatu digu”.
Parekatuta hasi, eta minutuek aurrera egin ahala, basurdeek aurrerapausoa eman zuten. Erasoan gogor aritu ziren, talde madrildarra defentsa lanetan “ia mugara eramatea lortuz”. Hamargarren minutua bete aurretik Andoni Martini txartel horia atera zion Felix Villegas epaileak, hamar minutuz talde gernikarra berdegunean jokalari bat gutxiagorekin utziz. Bera zelairatzearekin batera, Alcobendaseko Federico Luisek ere txartel horia ikusi zuen. Une horretan Gernika-Lumoko taldeak entsegua lortzeko bi aukera eduki zituen, baina epaileak baloiak ez zuela lurra ukitu adierazi zuen. Luis zelairatzean, bere taldekide Santiago Ovejerori txartel horia atera zion epaileak, “joko zikina egotzita”.
Ekinean segitu zuten basurdeek, eta lehenengo ordu erdia pasatuta, partiduko lehenengo entsegua eskuratu zuten. Juan Bautista Arranzek egin, eta Izaguirrek transformatu zuen (7 eta 0). Lehenengo zatia amaitzear zegoela, Tomas Granellak on eginiko zigor ostiko batekin, Alcobendas Rugby markagailuan hurbildu zen: 7 eta 3. Azkenengo jokaldian, talde gernikarrak berriz ere zazpi puntuko aldea ezartzeko aukera izan zuen, baina zigor ostikoa ezin izan zuten burutu.
Bigarren zatian “zenbait zehaztugabetasun” izan ziren etxekoen jokoan. Bigarren zatiaren lehenengo ordu laurdena beteta zela, Alcobendasen aldeko zigor ostikoaren ondorioz, 7 eta 6 hurbildu ziren madrildarrak. Bizpahiru minutu beranduago, Izagirrek beste zigor ostiko batekin erantzun zuen. Ondorioz, lau puntuko errenta lortu zuen etxekot taldeak.
Azken minutuetan bi taldeek izan zituzten aukerak. Neurketa amaitzeko hiru minuturen faltan, hartu zuen aurrea markagailuan Madrilgo taldeak. Tomas Granellak ondo aprobetxatu zuen zigor ostikoa.