Sei bikotek jokatuko dute Jai Alai Winter Series txapelketa
Datozen hilabeteotan Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian lehiatuko duten txapelketan ariko dira Xabi Barandika, Diego Beaskoetxea eta Unai Lekerikabeaskoa etxeko puntistak. Barandikak eta Lekerikak bikotea osatuko dute, eta Beaskoetxeak Ibon Aldazabal berriatuarragaz jokatuko du.
Aurreko asteko Bilboko aurkezpenaren ostean, gaur eguerdian eman dituzte Jai Alai Winter Series txapelketaren xehetasunak, Ibarrangeluko Laga hondartzan.
Hamabi pilotari lehiatuko dira Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian, eta horien artean daude Xabi Barandika, Diego Beaskoetxea eta Unai Lekerikabeaskoa gernikarrak.
Bi multzotan banatuta, sei bikoteren arteko ligaxkagaz hasiko dute txapelketa. A multzoa honakoek osatuko dute: Barandika-Lekerika, Olharan-Etcheto eta Erkiaga-Zabala. B multzoan, berriz, Goikoetxea-Aimar, Arpe-Lopez eta Beaskoetxea-Aldazabal ariko dira.
Sei ordezko zehaztu dituzte: Hormaetxea, Ithurria, Laduche (aurrelariak), Basque, del Rio eta Manzisidor (atzelariak).
[ IKUSI GAURKO ARGAZKI GALERIA ]
Urtarrilaren 29tik otsailaren 28ra jokatuko dituzte kanporaketaren sei jardunaldiak. Martxoaren 7an eta 14an izango dira finalerdiak, eta martxoaren 20an finala. Multzo bakoitzean puntu gehien pilatzen dituzten bina bikoteak ariko dira zein baino zein gehiago finalaurrekoetan.
Lehenengo jardunaldia eta finala asteburuz jokatuko badituzte ere, gainontzeko partidu guztiak astelehenetan izango dira, eta ETB1ean eskainiko dituzte partidu guztiak. Lehenengo partidua eta finala publikoagaz izango dira, eta sarrerak Gernika Jai Alai Professionalen webgunean eskuratu ahalko dira martitzenetik [urtarrilak 25] aurrera.
Barandika-Lekerika eta Erkiaga-Zabala bikoteen arteko partidua izango da ligaxkaren lehenengoa.
Gernikarrak aspaldiko partez bikote moduan ariko dira euren etxean. “Afizionatu mailan partidu asko jokatuta gaude alkarregaz, profesional mailan ez horrenbeste, eta Gernikan inoiz ere ez. Gogoakaz gatoz, eta momentu onean edo txarrean gauden ikusiko dugu txapelketa hasten dugunean. Bikote oso onak daude, eta guk ahalegin denak egingo ditugu kantxan. Uste dut ondo joango zaigula”, esan du Barandikak.
Faborito argirik ez dagoela dio Lekerikak: “Ea txapelketa on bat egin, eta urrun heltzen garen. Bikote denak oso orekatuta daude; ez dago faborito argirik. Edonork ezustekoa eman eta irabazi dezake. Horrek emozioa emango dio txapelketari. Uste dut partidu gogorrak izango direla, berdinduak eta ea jendeak gozatzen duen”.
Roberto Lekue ondarrutarra aukeratu dute kirol zuzendari izateko eta bikoteak osatzeko, eta haren lana goraipatu du aurrelari gernikarrak: “Uste dut bikoteak nahikoa orekatu dituela, eta bere beharra ondo eginda dagoela. Orain pilotariok eman behar dugu gure maila, eta bikote onenak irabaziko du. Denok gatoz gogo handiakaz, eta denok ipiniko dugu intentsitate puntu estra bat. Ez dago Gernikakoa baino frontoi hoberik halako bultzada bat emateko. Uste dut publikoa egongo den bi egunetan bete egingo dugula”.
Barandika: “Uste dut Roberto Lekuek bikoteak nahikoa orekatu dituela, eta orain pilotariok eman behar dugu gure maila. Bikote oso onak daude, eta guk ahalegin denak egingo ditugu kantxan”.
Afizionatuetan alkarregaz hamaika partidu jokatu eta bikote moduan lorpenak poltsikoratu ostean, alkarregaz ekin zioten Daniako abenturari, ametsari, eta alkarregaz agurtu zuten azaroan hango kantxa. “Orain arte Ameriketan egon gara jokatzen negu partean, azken frontoia zarratuta, hango aro bat amaitu da, eta orain, ikusten denez, hemen aro berri bat hasten da. Txapelketa berri bat hasiko dugu, ETBgaz, babesle berriekaz, eta espero dugu txapelketa hau oso ondo joatea, eta ea etorkizunean aukera berriak dauden”, dio atzelariak.
Lekerika: “Ea txapelketa on bat egin, eta urrun heltzen garen. Edonork ezustekoa eman eta irabazi dezake. Hemen aro berri bat hasten da, eta ea etorkizunean aukera berriak dauden”
[ IKUSI GAURKO ARGAZKI GALERIA ]
“Jarraikortasuna eta sendotasuna”. Euskal Herrian zesta punta profesionalaren egutegia uda sasoira mugatuta egon da azken urteetan, baina Daniako frontoiaren itxierak aukera berriak zabaldu ditu. Horiek aztertu eta proiektu bat zehazteko beharra ikusi dute Gernika Jai-Alai Professionaleko arduradunek: “Zesta punta maite dugu, eta argi ikusten dugu denon artean urte osoko denboraldi luzeago bat sortu nahi dugula”. Urte osoko “jarraikortasuna izango duen zirkuitua” edukitzeko apustua egin dute, kirol honi “sendotasuna eta bultzada” emango diona.
Pilotariek, enpresak zein erakundeek neguko txapelketa hau Euskal Herrian zesta puntaren “indartzea” lortzeko bidean, “lehenengo pausoa” izatea espero dute.
Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa dauka proiektuak, eta kirol arloko foru-arduradun nagusia den Carlos Sergiok uste du torneo honek ume gehiago zesta puntara hurbiltzeko ere balio lezakeel: “Gero eta ume gehiagok zesta puntan jolasteko, ensaiatzeko, eurengan interesa pizteko balio dezake, eta hori oso garrantzitsua da guretzat. Ilusioz betetzen gaituzten eta amets eginarazten gaituzten kirolari handien ekitaldia da honakoa. Pilota sekulako abiaduran joatea lortuta eta euren teknika izugarriagaz, publikoari gozarazi egiten diote. Hainbeste eman digun, hainbeste momentu on utzi dizkigun kirol handi honen egoera denon artean hobetzea lortuko dugula uste dugu. Gurea maite dugu eta gurea defendatzen dugu”.
Erronka. Distantzia jaurtiketa erronka egin dute gaurko agerraldian. Pilota zeinek urrunen bota. Horixe zen pilotarien erronka, eta Lekerika atzelari gernikarra nagusitu da, 129 metroko marka lortuta. Hur egon da Aimar Aldazabal berriatuarra, 128 metrora jaurti baitu pilota. Nicolas Etcheto sailkatu da hirugarren, 119 metrogaz.
Ligaxkaren partiduak
- Urtarrilak 29. Barandika-Lekerika vs. Erkiaga-Zabala
- Urtarrilak 31. Arbe-Lopez vs. Beaskoetxea-Aldazabal
- Otsailak 7. Olharan-Etcheto vs. Erkiaga-Zabala
- Otsailak 14. Goikoetxea-Aimar vs. Beaskoetxea-Aldazabal
- Otsailak 21. Barandika-Lekerika vs. Olharan-Etcheto
- Otsailak 28. Goikoetxea-Aimar vs. Arbe-Lopez