Lokalbide programari esker bost negozio berri daude Alde Zaharrean
Lokalbide programagaz Alde Zaharrean negozio aukera berriak piztu gura dituzte eta, era berean, ekintzaileak inguru horretara erakarri.
Bermeoko Udaletik gaur bertan jakitera eman dutenez, 2021ean abiarazi zuten Lokalbide programak lehen fruituak eman ditu. Aipatu programari esker, bost negozio berri daude herriko Alde Zaharrean. Horietako hiru martxan daude jada, bat gaur bertan hasiko da martxan eta bosgarrenak datorren barikuan zabalduko ditu ateak.
Honakoak zabaldu edo zabalduko dituzte:
- Doniene kalea, 2. Erretxinazko piezen artisau ekoizpena eta eskuz egindako piezen salmenta.
- Arostegi kalea, 24. Terapia naturalak.
- Bidebarrieta kalea, 9. Zen meditazio saioetarako eta gorputz terapiarako zentroa.
- Intxausti kalea, 3. Eskulanen lokala. Altzarien dekorazioa eta zaharberritzea. Ume zein nagusientzako ikastaroak.
- Nardiz kalea, 30. Poke izeneko plater hawaiiarrak bertako hegaluze eta antxoarekin eginda.
Bermeoko alkate Aritz Abaroak esan du “oso pozik” daudela programaren emaitzekin: “Programaren helburu nagusiei erantzuna ematea lortu dugu eta jarraitu beharreko bidea zein den garbi dugu”. Hala, gaineratu du, aurten ere jarraipena izango duela Lokalbide programak: “Espero dugu lokal berriak atxikitzea eta gure Alde Zaharra ekintzaileentzat gune erakargarria bilakatzea”.
Abaroak dio Lokalbide programak udal gobernuaren bi helburu estrategiko uztartzen dituela: Alde Zaharra dinamizatzea eta ekintzailetza bultzatzea. Ekimen honen bitartez, negozioak martxan jartzeko baldintza jakin batzuk betetzen dituzten herriko Alde Zaharreko lokal hutsak identifikatu zituzten lehenengo, gero udala lokal hutsen jabeekin harremanetan jarri zen programara atxikitzeko proposamena eginez. Aipatu dutenez, hamar lokalek egin dute bat programagaz. Azkenik, lokalak ekintzaileen eskura jarri dituzte, euren negozioak bertan garatzeko.
Lokalbiden parte hartu ahal izateko, lokalek zenbait baldintza bete behar dituzte: Gutxienez 50 metro kuadro, Internetera konektatzeko instalazioa eta bainugela bat eduki beharko dituzte. Lokalaren jabeak, gainera, luzatu daitekeen bi urteko konpromisoa hartu behar du, “ekintzaileak lokalagaz izan ditzakeen arazoak baztertzeko”. Ekintzaileak ere, bi urtean jarduera mantendu eta lokalaren jabeari alokairua hilero ordaindu diola justifikatu beharko du.
Alde Zaharrean negozio aukera berriak piztu gura dituzte eta, era berean, ekintzaileak inguru horretara erakarri. Hala, udalak diru laguntzak ematen dizkie ekintzaileei, alokairuaren zati bat ordaintzera bideratu behar dutena; urtebetez, 300 euroko laguntza jasotzen dute hilean.
Bermeoko Turismo eta Merkataritza zinegotzi Kepa Zumetak ekintzaile guztiak zoriondu gura izan ditu: “Zuen ametsak lortzeko ahaleginak egin dituzue”. Nabarmendu du legealdiaren lehenengo egunetik ekintzaileen aldeko apustua egin dutela. Uste du, gainera, “aukera ona” dela Alde zaharrean alokatu barik dauden lokalak martxan jartzeko. Hortaz, herritarrak, bai lokalen jabeak izan zein ekintzaileak, Lokalbiden izena ematera animatu ditu.
Alkateak eta zinegotziak negozio berriak bisitatu dituzte gaur: