"Beste pauso bat emateko zubi modura erabili dut liburu hau"
Hirugarren liburua kaleratu du bermeotarrak: ‘La gruta de los sentidos’. Oraingo hau eleberri garaikidea da, eta ama eta alaba baten arteko istorioa kontatzen du.
Nada sabes de la quinta estacion eta Arane: Cronicas de Hierro y Fuego liburuen ostean, La gruta de los sentidos liburua kaleratu du Joseba Itxaso bermeotarrak.
Hirugarren liburua kalean ikusita, ze sentimendu?
Konfiantza handiagoagaz idazten dut orain. Lehenengo liburuagaz apur bat galduta ibili nintzen, ez nekien zein izango zen nire estilo literarioa. Bigarrenagaz martxa hartu nuen, eta hirugarren liburu hau erraz idatzi dut. La gruta de los sentidos liburua bideratuta utzi nuen lehenengo berrogeialdian.
Jarraipena al da?
Arane: Cronicas de Hierro y Fuego bai izan zen Nada sabes de la quinta estacion liburuaren jarraipena. Bigarrenagaz, Erdi Aroko istorioa amaitu nuen. Hirugarren honek nolabaiteko lotura dauka aurrekoagaz, baina aurrekoak eleberri historikoak izan baziren, oraingo hau garaikidea da. Zubi liburu bat dela esaten dut, zubi modura erabiltzen dut liburua beste pauso bat emateko.
Zer kontatzen du?
Ama eta alaba baten arteko istorioa kontatzen du. Trantsizio garaian senarrak sortutako egunkarian zeukan lanpostua galtzen du amak. Hala, depresio sakon batean sartzen da; 60 urte ditu, eta dena galtzen du. Alabaren laguntza izango du, une latz horretatik irteteko. Esan beharra daukat eleberri feminista bat dela; aldarrikapen ugari daude. Liburu honetan ere badago Bermeogaz lotura, amaren aita bermeotarra baita, Araneko baserrikoa. Hala ere, zenbait ikasketa egin eta Madrilera doa. Han egiten du bere bizitza, eta Isabako emakume bategaz ezkontzen da. Madrilen egonik, euskal nortasuna galtzen dute gutxi-gutxika. Amak, hortaz, ez dauka euskal nortasunik, eta alabak, oraindik ere gutxiago. Eleberrian misterioa dago. Fantasia eta errealitatea uztartzen dira, eta istorioa aurrera doan heinean arbasoek ere lekua hartzen dute, hildakoak bizirik dauden horien memorian baitaude. Hortik etorriko da aurreko liburuekin lotura.
Leku ezagunak aurkitzen dira.
Madrileko Malasaña, La Latina, Bermeo, Urdaibai… agertzen dira. Irakurlearentzako paisaia ezagunak daude. Eleberri honekin beste urrats bat eman gura izan dut, orain arte liburuak ez direlako hemendik kanpo asko mugitu. Nire buruari esan nion hemendik apur bat irten behar nuela, eta dagoeneko liburu hau salgai dago Madrilen, Leonen, Oviedon… hiruzpalau lekutan badago fisikoki dendetan.
Lehiaketa desberdinetara aurkeztu duzu.
Hala da, bai. Idatzi eta lehiaketetara bidaltzea erabaki nuen. Horregatik igaro dira ia bi urte liburua idatzi eta argitaratu den arte. Batetik deitu zidaten esaten ez zela eleberri irabazlea, finalisten artean zegoela, baina argitaratzeko prest zeuden. Beste lehiaketa batzuen zain nengoen, eta ezetz esan nien. Hilabete bira Galiziako Tandaia argitaletxetik deitu zidaten, eta gauza bera, finalista zela, baina ez irabazlea. Horiek ere eleberria argitaratzeko prest zeuden. Bigarren aukera zen, eta ez nekien besterik etorriko zen. Hortaz, baiezkoa eman nien.
Aurkezpenik egiteko asmorik bai?
Orain arte ezin izan dugu aurkezpenik egin. Udarako ia prest zegoen, baina liburutegietara orain dela gutxi iritsi da. Aurkezpenak egiteko asmoa bai bazegoen, Bilbon eta Bermeon, baina gaur egungo egoerak ez du ahalbidetu; ez du merezi bost lagun bakarrik batzeko. Beste biak Bermeon aurkeztu nituen eta gustatuko litzaidake orain ere egitea.
Emaitzagaz pozik?
Bai eta, gainera, liburua irakurri dutenei gustatu egin zaie.
Bigarren liburuan erabilitako estilo azkarragaz segitu duzu?
Bai, liburu hau ere oso azkarra da, asteburu baten irakurtzeko modukoa. Elkarrizketa asko daude; asko gustatzen zait elkarrizketak erabiltzea. Ama eta alabaz gain, kontrapuntu modura beste pertsonaia bat ere badago, 74 urte inguruko emakume madrildar bat. Gaztetzat dauka bere burua, eta bi lagunen arteko elkarrizketak erraz irakurtzen dira, eta interesgarriak dira. Neba bat ere badago, Bruselan bizi dena.
Estiloa, hortaz, finkatu duzu.
Bai, argi daukat zelan idatzi. Hasieran arazoak izan nituen estiloa zehazteko. Egia esan, lehenengo liburuan trama eta azpitrama ugari egon ziren; 600 orrialdeko liburua izan zen. Ez nuen presarik. Bigarrena, berriz, arinago joan zen, ezin nuen lehenengoagaz modura jarraitu. Izan ere, bigarrena, lehenengoagaz batera joan behar zen, baina luzeegia zen. Beste erritmo bat hartzea erabaki nuen, eta hala nabil, erritmo arinagoan.
Euskaratzea gustatuko litzaizuke?
Gustatu bai, norbaitek egingo balu oso pozik egongo nintzateke. Ni, baina, ez naiz gai, ez nago alfabetizatuta. Lehenengoagaz egin nuen saiakera bat, Jaurlaritzan eskatu nuen diru laguntza bat; baiezkoan egon zen, baina azkenean, ez zuen aurrera egin.
2018an argitaratu zenuen lehenengo liburua, eta dagoeneko hiru dauzkazu.
Batzuetan buru-belarri jartzen naiz. Orain ere badaukat zer edo zer esku artean. Datuak eta fitxak pilatzen nabil.
Eta zein da buruan daukazun ideia hori?
Sorpresa bat da, ez dut aurreratu gura. Sakondu egin behar dut, ez dakit oso ondo zelan egin. Datu historiko batetik hasi gura dut, eta ondoren sortuko dut itzelezko pelikula. Nire buruari jarri diodan erronka bat da hurrengo liburua. Lasai egingo dut, ondo egin gura dudalako. Trama nagusiaz gain, pertsonaiek euren harremanak dauzkate eta kontu handiz ibili gura dut horregaz. Hala ere, askotan, modu batera pentsatuta daukazu eta, gero, guztiz aldatzen da behin idazten hasita, pertsonaiak garatu egiten direlako. Fikzio bat izango bada ere, sinesgarria izatea gurako nuke, eta denbora beharko dudala uste dut.