Barrutialdekoek 'Kultura eta Etorkizuna' eztabaidan parte hartu dute
Bigarren urtez jarraian, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eta Eskoziako ikasleen ahotsak “indarra hartu” du Gernikako Batzarretxean. Kultura eta etorkizuna eztabaida egin dute gaur goizean.
Fair Saturday Fundazioak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eskoziako Gobernuak sustatutako egitasmoa da, eta bigarren edizio honetan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hamar ikastetxetako ia 900 ikaslek parte hartu dute.
Horiek euren ikasgeletan eztabaidatu zuten Fair Saturdayren astean, iazko azaroaren amaieran. Hala ere, pandemiaren eraginez, denek ezin izan dute gaurko saioan parte hartu; bost ikastetxetako ikasleak egon dira Batzarretxean, euren gogoetak eta ondorioak azaltzen eta partekatzen: Botikazar institutua, Asi-Leku ikastola, Vizcaya Ikastetxea, Solokoetxe institutua eta Barrutialde institutua. Horiei harrera egin diete Batzar Nagusietako lehendakari Ana Otaduik eta Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Lorea Bilbaok.
Eztabaida horren helburua da kulturak etorkizun “garatuagoa, bidezkoagoa eta gizatiarragoa” eragiteko daukan garrantziari buruz gazteak gogoeta egitera bultzatzea, baita euren “elkarrizketetarako eta enpatia sozialerako trebetasunak” sustatzea ere, kontzientzia kritikoa zabalduz eta, oro har, “etorkizunarekiko eta batez ere kulturarekiko jarrera positiboa bultzatuz”. Ikasgeletan gaiari buruz hausnartzeko eta eztabaidatzeko Fair Saturday fundazioaren sortzaile den Jordi Albaredaren testuan oinarritu ziren.
Eskoziako lurraldeagaz hartu-emanak estutu dituzte, eztabaidaren aurreko astean English Speaking Uni0n Scotlandek online prestatutako hainbat tailer antolatu zituen ikasgeletan. Gainera, edizio honetan, nobedade moduan, Bizkaiko lau ikastetxek parte hartu zuten Eskoziako final ofizialean, azaroaren 30ean, lurralde hartako ikastetxe parte-hartzaileakaz batera. “Nazioarteko ekimen hau, kulturak etorkizun hobearen garapenean izan behar duen paperarei buruzko gazteen eztabaidarik handienetakoa da”, azpimarratu dute Bizkaiko Batzar Nagusietako ordezkariek.