Lointek Gernika Bizkaiaren eta IDK Euskotrenen arteko derbia domekan, Donostian
Talde gernikarrak ligako sei partidu dauzka atzeratuta, eta klubak horietako biren datak iragarri ditu gaur.
Emakumezkoen Ligaren 18. jardunaldian derbia lehiatuko du Lointek Gernika Bizkaiak. IDK Euskotrenen kontra jokatuko du domekan [urtarrilak 23], 12:00etatik aurrera, Donostiako Josean Gasca kiroldegian.
Joanekoan [3. jardunaldia] talde gernikarrak 87-71 irabazi zion donostiarrari, urriaren 3an, Malosten. Gaur gaurkoz, IDK sailkapenaren seigarren postuan dago, 23 puntugaz, eta Gernika hamargarren 19 puntugaz.
Izan ere, COVID-19aren ondorioz hainbat partidu atzeratu behar izan dituzte, eta talde gernikarrak hamabi partidu–zazpi irabazi eta bost galdu– jokatu ditu eta donostiarrak hamabost–zortzi irabazi eta zazpi galdu–.
Atzeratutako partiduak
Lointek Gernika Bizkaiak ligako sei partidu ezin izan ditu jokatu, eta horietako biren data berriak atzo iragarri zituen klubak. Datorren eguaztenean [urtarrilak 26] 15. jardunaldikoa jokatuko dute Cadi La Seuren kontra, 20:00etatik aurrera, Lleidan.
Urtarrilaren 30ean, berriz, 13. jardunaldikoa lehiatuko dute Campus Prometeren kontra, 18:00etan hasita, Logroñon.
Horiez gain, Innova-TSN Leganes, Spar Gran Canaria, Tenerife eta Perfumerias Avenida talden kontrako neurketak ere atzeratu behar izan zituzten. Leganesen kontra eguaztenean jokatu behar zuen 14. jardunaldiko partidua, Malosten, baina talde madrildarrean sei positibo antzeman zituzten.