Lehen mailako arreta “krisian”
Lehen mailako arretaren egoera "dramatikoa" salatzeko eta konponbideak eskatzeko manifestazioak deitu dituzte ELA, SATSE, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek domekarako.
Lehen mailako arretaren “kolapsoa” eta ospitaletako arretaren “gainkarga” salatzeko manifestazioak deitu dituzte osasun arloan gehiengoa osatzen duten ELA, SATSE, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek domekarako; Bilbon, 12:00etan abiatuko da manifestazioa Jesusen Bihotzetik, eta ordu berean Bulebarretik aterako da Donostiakoa. Iaz egin legez, aurten ere, mobilizazioekin bat egin du Bizkaiko Medikuen Elkargoak, aurtengo egoera “are larriagoa” delako.
Bizkaiko Medikuen Elkargoak adierazi duenez, omikron aldaera berriak “lehendik ere guztiz zukututa” zegoen lehen mailako arretara bideratu du orain arte koronabirusaren eraginez ospitaleetan zegoeen presioa; “lehen arreta kolapsatzeko zorian dago. Garrantzitsua da egoera hobetuko duen estrategia bat zehaztea, ahalik eta arinen”. Izan ere, elkargoa beldur da sektorea “atzera bueltarik ez duen puntu batera” heltzeaz.
Bizkaiko Medikuen Elkargoak sindikatuen deia indartu du. Izan ere, sindikatuek deituta, lehen arretako osasun langileek bizi duten egoera salatzeko mobilizazioak egin dituzte azken hilabeteetan, Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdean.
Mobilizazio horietan lehen mailako arretaren egoera “dramatikoa” salatu zuten osasun langileek, asistentzia kalitatea “gutxieneko historikoetara” murriztu dela adieraziz. “Osasun arretaren kalitateak behera egin du azken 10 urteetan. Ospitaleak eta osasun zentroak beteta daude eta Osakidetzako arduradunek ezartzen dituzten zentzugabeko protokoloek ezin dute egoera gordina izkutatu. Herritarrak osasun arretarik barik daude”.
Hori dela eta, kalitatezko osasun zerbitzu unibertsala “benetan ezinbestekoa” dela aldarrikatu dute behin baino gehiagotan, eta konponbide “errealak” eskatu dituzte, gaur egungo politika “pribatizatzaileak” salatuz. Urteak daramatzatela ratioen lege bat eskatzen gogoratu dute mobilizazioetan, “paziente bakoitzari bere gaitzaren araberako arreta bermatzeko”. Halaber, langile kopurua handitzeko eskaerak pandemia aurrekoak zirela diote, “pandemia hasi aurretik ere gehiegizko lan kargak zituztelako”.
Txertaketa. Dagoeneko hasi dira 18 urtetik gorakoak txertatzeko hitzorduak ematen. Osakidetzak jakinarazi duenez, 18 eta 39 urte bitarteko 40.000 pertsonak jaso dute indartze dosia hartzeko hitzordua Bizkai, Araba eta Gipuzkoan.
Osakidetza eguaztenean hasi zen 18 urtetik gorakoei txerto gehigarria emateko hitzorduak ematen, eta ordutik 9.289 pertsonak egin dute eskaera. Osakidetzaren arabera, 28.000 hitzordu daude eskuragarri 18 eta 29 urte bitartekoentzat, eta 11.000, berriz, 30 urtetik gorakoentzat.
Osasun Sailaren datuak. Osasun Sailak gaur argitaratutako txosten epidemiologikoaren arabera, Busturialdean 261 kasu positibo zenbatu ditu Osakidetzak, azken hiru egunetan (urtarrilaren 17tik 19ra), eta azken zazpi egunetan, berriz, 589.
Herriz herri honakoak dira azken hiru egunetan zenbatu dituzten positiboak: 119 Gernika-Lumon, 79 Bermeon, 9 Muxikan, 7 Busturian, 6 Gautegiz Arteagan, 6 Ibarrangelun, 5 Morgan, 4 Arratzun, 3 Ereñon, 3 Errigoitin, 2 Elantxoben, 2 Sukarrietan, 1 Ajangizen, 1 Ean, 1 Kortezubin, 1 Mendatan eta 1 Muruetan. Azken zazpi egunetan Nabarnizen ez du kasu positiborik erregistratu Osakidetzak.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan udalerri denek segitzen dute eremu gorrian. Gaurko datuen arabera, 122 pertsona daude ZIUetan eta 718 gela arruntetan.