Busturiko udaletxeko teilatua konpontzeko lanak egiten ari dira
Aldamioak jarrita daudela aprobetxatuko dute eraikinaren kanpoko aldea margotzeko.
Busturiko udaletxeko teilatua “oso zaharkituta” zegoela eta, konpontzeko lanak egiten ari da udala. Busturiko alkate Aitor Aretxagak esan du “beharrezkoa” zela lan horiek egitea eta denbora zeramatela horiek egiteko gogoagaz.
40 urte inguruan teilatua “ikutu” barik egon dela aipatu du Aretxagak: “Urtero igotzen ziren langileak eta arkitektoa, eta adabakiak jartzen joan gara. Diru kontuengatik, baina, orain arte atzeratu beharra eduki dugu. Koronabirusaren pandemia baino lehen aurrekontua eskatu genuen. Gero, baina, pandemia etorri eta beste gauza batzuetara bideratu genuen diru hori, eta teilatua konpondu barik geratu zen”. A&R Mateos SL herriko enpresa ari da lanok egi- ten.
Antzinako hagak “egoera onean” daude, eta horrek mantendu egingo direla esan du alkateak; horren gainetik dagoen ohola, berriz, berriztu egin behar dela gaineratu du; “zaharkituta eta ustelduta dago”.
Udaletxeko teilatua konpontzeko aldamioak jarri behar izan dituztenez, horiek jarrita daudela aprobetxatuko dute eraikinaren kanpoko aldea margotzeko. “Aldamioak jartzea oso garestia da, eta margotze lanak egiteko berriro jarri beharko litzatekeenez, orain egitea pentsatu dugu”, esan du alkateak.
Aldamioak Gabonak aurretik jarri bazituzten ere, joan den astean hasi zituzten lanak.
Lan horien guztien aurrekontua 42.850 eurokoa dela zehaztu du Aretxagak.