Busturialdeko turismo jasangarria Madrilen
FITUR azokan dira Urremendiko ordezkariak, Urdaibaik eskaintzen dituen ekimenak aurkezteko.
Madrilgo IFEMA erakustazoka FITUR azokaren edizio berri bat ari da hartzen urtarrilaren 19tik 23ra. jasangarritasunaren eta berrikuntzaren alde egindako apustu irmoa erakusteko.
Urremendi Landa Garapen Elkarteko ordezkariak FITUR azokan daude. Euskadi presente dagoen nazioarteko turismo-azoka garrantzitsuenetako bat da Madrilgo IFEMA erakustazokak urtarrilaren 23ra arte hartuko duena. Hala, Urremendik hara eroan du Busturialdea, jasangarritasunaren eta berrikuntzaren alde egindako apustu irmoa erakusteko.
Azaldu dutenez, sektoreak itxaropen handiak jarri ditu urte honen hasieran eta turismoa suspertzeko lanean jarraituko du. Ager Lejarreta eta Aitziber Ansotegi, Urremendi LGEko lehendakaria eta gerentea hurrenez hurren, azoka horretan dira Urdaibaik eskaintzen dituen ekimenak aurkezteko asmoz. Aukera horri esker, azokako bisitariek Urdaibaiko xarma guztiak ezagutu ahal izango dituzte. Lejarretak adierazi duenez, “erakusleiho ezin hobea da, urte osoan zehar eskualdeak eskaintzen dituen erakargarritasun turistiko nagusiak mundu osoari erakusteaz gain, turismo jasangarria balioan jartzeko ere. Helmuga segurua gara, kalitatezkoa, nortasun propioduna, baina, batez ere, jasangarritasunaren alde egin dugu apustu”.
Aitziber Ansotegik, bestalde, Urremendik kudeatzen dituen ekintza eta proiektu turistikoen kalitatea eta aniztasuna nabarmendu ditu gaur gaoizean [urtarrilaren 20an], irrati kate batean. Azpimarratu duenez, “Busturialdeak erakargarri natural, kultural, ondare eta gastronomiko izugarriak ditu, eta munduari erakutsi behar dizkiogu eta, batez ere, mimo handiz zaindu behar ditugu”.
Era berean, Ansotegik gogoratu du joan den uztailean Urdaibai Biosfera Erreserbak Turismo Jasangarriaren Europako Gutunarekin bat egin izanaren ziurtagiria lortu zuela, eta Urdaibai turismo jasangarriko gaietan nazioarteko aitortza jaso duen Euskadiko jomuga bakarra dela. Era berean, eskualdeko 16 turismo- enpresak ere Turismo Jasangarriaren Europako Gutunarekin bat egin izanaren ziurtagiria jaso zuten.