Bermeoko Berbalagun egitasmoak euskal dantza errazen tailerra antolatu du
Interesa daukaten berbalagunek izena eman beharko dute aldez aurretik; horretarako azken eguna hilaren 24a (astelehena) izango da.
Bermeoko Berbalagun egitasmoak euskal dantza errazen tailerra antolatu du herriko berbalagunentzat.
“Askotan eskatu digute eta, hortaz, tailerra egiteko data jarri dugu”, azaldu dute Berbalaguneko ordezkariek. Hala, lehenengo hitzordua urtarrilaren 28rako (barikua) jarri dute. Tailerra hiru barikutan egitea aurreikusi dutela diote, beraz, otsailaren 11n izango litzateke azken eguna. Hala eta guztiz ere, azken egun horretan parte hartzaileek erabakiko dute tailerra luzatzen den edo ez, eta Berbalagun egitasmoak duen blogaren bitartez emango dute hartzen duten erabakiaren berri.
Tailerra Atalde kaleko Euskal Gunean eskainiko dute, eta bariku guztietan ordutegi bera izango dela zehaztu dute: 18:30etik 19:30era. “Ez da ezer berezirik behar, ondo pasatzeko gogoa bakarrik”.
Izena eman behar da. Azaldu dutenez, ezinbestekoa izango da osasun neurri guztiak errespetatzea (distantzia, maskara…). Talde txikia osatuko dutenez, lekuak mugatuak izango dira eta, hortaz, izena eman beharko da aldez aurretik. Horretarako azken eguna urtarrilaren 24a (astelehena) izango da. Informazioa eskatzeko zein izena emateko, WhatsAppez idatzi daiteke honako zenbakira: 607 609 580. Izena emateko ordena kontuan hartuko dute lekuak bete arte.
Euskal dantza “erraz-errazen” tailerra dela gogorarazi gura dute; “zerotik pauso batzuk ikasteko eta astiro praktikatzeko”.