Bizitza Plataformak COVID pasaportearen aurkako manifestazioa deitu du Bilbon
Bizitza Plataformak deituta, COVID pasaportaren aurka mobilizatuko dira zapatuan. Pasaportea "ilegala" dela eta herritarren eskubideak "jokoan" daudela diote.
Bizitza Plataformak COVID pasaportearen aurkako manifestazioa deitu du zapaturako Bilbon; 17:00etan La Casillan jarri du hitzordua, eta Busturialdeko herritarrei parte hartzeko deia egin die.
Mireia Arrieta Bizitza Plataformako kideak pasaportea «ilegala» dela esan du, “orain arte ezarritako hainbat dekretu bezala”. Dioenez, neurri horiek herritarrak “zatitzen” ditu: “Neurriok jendea zatitzen dute eta gezurrekin beldurtu”. Izan ere, plataformatik salatu dute herritarren askatasuna dagoela “jokoan”: ”Gure askatasuna, euskaldunon izaera dago jokoan”.
Pasaportea indarrean sartzeko arrazoietako bat ekonomikoa dela gaineratu du Nekane Jurado ekonomialariak: “2020an eta 2021ean pobretze masiboa ikusi dugu: herritarren laurdena, oinarrizko beharrak asetzetik kanpo dago, baita Europan ere. Gainera, biltzeko eta zirkulatzeko askatasuna, lan egiteko eskubidea, osasun integrala, hezkuntza eta gutxieneko diru-sarrerak jasotzeko eskubidea ukatzen ari zaizkigu. Beldurrarekin maneiatzen gaituzte, baina, zorionez, herritarren %25 jada atera gara etengabeko beldur horretatik, pentsamendu bakar horretatik, eta gero eta gehiago gara”.
Alonso Longo ingeriariak, bere aldetik, neurriekin “kolpe totalitarioa” gauzatzen ari direla uste du: “Hor goian, enpresa guztien guztien jabe direnak daude, Black Rock-Vanguard inbertsio funtsak. Horiek enpresa handietan, hedabideetan, bankuetan… agintzen dute, eta mundua faktoria bat bezala ikusten dute”. Herritarra «baliabidetzat» dutela dio, eta pasaporteko QRagaz agintari horiek herritarrenganako “erabateko kontrola” izango dutela salatu du. “Ez dizkigute eskubideak kendu, beldurraren bidez guk geuk eskubide horiek doan ematea lortu dute”.
Patxi Alaña plataformako kideak adierazi du “foru pasea izan behar dela oinarrizko eskubideen kontra doan pasaportea gelditzeko formula”: “Onartzen dugu baina ez dugu beteko”.