Ricardo Gamaza: "Urari buruzko erabakiak Madrilek hartuko ditu"
Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren kudeaketa aztertzen duen ‘Monopolia. Agua: negocio y poder politico’ dokumentala zuzendu du Gamazak. Busturialdeko Ur Partzuergoa BBUP integratzeari buruzko erabakian ere sakondu dute.
Ura, negozioa eta botere politikoa. Hiru kontzeptu horiek uztartzen direnean sortzen den monopolioari buruzko Monopolia. Agua: Negocio y Poder Politico dokumentala egin du Ecoperiodismo taldeak, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren kasua aztertuz; Busturialdeko Ur Partzuergoaren integrazioa ere jorratzen du dokumentalak. Hain zuzen ere, atzo Bilbon aurkeztu zuten lana, eta Busturialdean proiektatuko dute egunotan: bihar, 19:00etan, Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian ikusi ahalko da, eta otsailaren 3an, 19:00etan, Bermeoko Kabidxen.
Ura eta negozioei buruzko trilogia baten bigarren atala da honakoa. Trijeros del agua izeneko lehenengo ikus-entzunezkoan uraren pribatizazioak dakartzan arriskuetan sakondu zuten Ecoperiodismo taldekoek, Cadizko uraren kasua aztertuz, han uraren kudeaketa publikoa, pribatua eta mistoa baita. “Hiru ereduen arteko desberdintasunak azaldu, eta hiru kasuetan zeuden aldeak kontatzen genituen, baita kudeaketa pribatuetan eta mistoetan dauden ustelkeria kasuen berri eman ere”, adierazi du Ricardo Gamaza bi dokumentalen zuzendariak.
Monopolia. Agua: Negocio y Poder Politico dokumentalean Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren kudeaketari buruzko lanketa egin dute: “Irizpide pribatuak dituen enpresa publikoa da. Ur partzuergoa bera erakunde publikoa da, baina bere interesak merkatuarenak dira. Hori ez dator bat Nazio Batuen Erakundeak 2010. urtean esan zuenarekin: ura izatea giza eskubidea zela. Hori dela eta, ura edukitzea eskubidea da, eta ezin da horregaz negoziorik egin, ezin da saldu”.
Hori horrela, ikus-entzunezkoan azaleratu dituzte Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak izan dituen negozio pribatuak. “Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, Iberdrolarekin batera, nazioarteko enpresa bat sortu zuen, Uruguaiko uraren pribatizazioa lortzeko. Horrek ez du zerikusirik zerbitzu publikoa izatearekin. Enpresa publikoak tokian tokiko herritarrei zerbitzu bat eskaintzeko sortzen dira, ez beste herrialdeetara negozioak egitera joateko”, adierazi du zuzendariak.
“Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa irizpide pribatuak dituen enpresa publikoa da”
Uraren kontrola izatea “botere absolutua izatea” dela deritzo Gamazak, hainbat direlako uragaz lan egiten duten nekazaritzako eta abeltzaintzako enpresak. “Enpresa horien fakturak igoz gero, kostu horiei aurre egin ezingo dieten enpresa asko egongo dira. Eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak dituen irizpideekin, itxi egin beharko lituzkete. Izan ere, partzuergoaren irizpidea da ordaintzen ez dutenek urik ez jasotzea. Eta hori, merkataritza irizpide bat da, ez zerbitzu publiko bat edo eskubide publikoa bermatzekoa”, arrazoitu du zuzendariak. “Zuzenbide publikoak dio ezin zaiola inori errenta arrazoiengatik ura moztu, eta gaineratzen du enpresa publikoen kudeaketan gardentasuna eta kontrol publikoa egitea beharrezkoa dela. Eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak ez du oinarri horietako bat ere betetzen”.
Gamazak aitortu du uraren kudeaketa “monopolio naturala” dela, norbanakoak ezin duelako aukeratu zein konpainiak eskainiko dion ura. “Udalerri bateko biztanlea izanik, bizilagun horiek ezin dute ura kudeatzen duen konpainia aukeratu”. Enpresa pribatuentzako «negozio biribila» da hori, zuzendariaren berbetan: “Ura kontrolatzen duten enpresentzako bezeroak seguruak dira, ezin dute konpainiaz aldatu, eta azpiegitura handi horien prezioetara egokitu behar dira”.
Udalerrien eskumena. Legez, uraren eskumena udalena da; hala ere, partzuergo bat osatzea eta zerbitzu komunak gauzatzea erabaki dezakete horiek. Hori da, hain zuzen ere, Busturialdeko hainbat herrik hartu zuten erabakia: Busturialdeko Ur Partzuergoa sortzea.
Urte luzez, Busturialdeko Ur Partzuergo bezala antolatu eta gero, aurten, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoan integratu dira; iaz hartu zuten erabakia. Partzuergo bezala onartu zuten integrazioa, baina Gamazak dio udalena izan behar dela azken erabakia, eta udalek integrazioaren aurka boztuz gero, kanpoan geratzeko eskumena izango luketela: “Partzuergoaren barruan bozkatu zuten erabakia, Busturialdeko Ur Partzuergo gisa. Baina boto horiek ez dute udal bakoitzaren iritzia adierazten. Udal bakoitzak erabaki dezake, araudiaren arabera, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoan sartu nahi duen ala ez. Normalena, Busturialdeko Ur Partzuergoa desegitea izango litzateke, eta gero, udal bakoitzak erabakitzea zer egin nahi duen. Erabaki hori ez dagokio partzuergoari, udalaren erabakia da”.
“Udal bakoitzak erabaki dezake ur partzuergoren baten sartu gura duen ala ez”
Behin integrazioa onartuta, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren parte izango dira Busturialdeko herriak. Erabaki horrek, “etorkizunean”, eskualdeko bizilagunen tarifak garestiagoak izatea suposatuko duela dio zuzendariak: “Azpiegitura handiekin lan egitean, segurua da partzuergo horretan sartzen den herritarren uraren tarifa garestiagoa izatea, azpiegitura erraldoiak oraindu behar dituztelako”.
Tarifen garestitze hori ura «oso urruti dauden zingiretatik» ekarri behar dutelako emango da. “Lehen, Busturialdean zegoen ura edaten zuten herritarrek, baina orain, Gasteiztik, Zadorratik ponpatuko dute, eta ur horrek kostu bat dauka; azpiegituren kostua eta energiaren kostua. Nork ordaindu beharko du hori? Erabiltzaileak. Halaber, azpiegitura horien mantenua ere ordaindu beharko dute, eta baliabide horiek oso handiak dira. Lehen, arazketa Bedaronako araztegi ekologikoan egiten zuten, energia kosturik barik”, gogoratu du zuzendariak.
Halaber, Gamazak salatu du eskualdeko uraren kudeaketari buruzko erabakiak Madrilen hartuko direla: “Iberiar penintsula osoan iparraldeko ur-konfederazioan dago ur gehien. Eta bitxia bada ere, Zadorra, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren mende dago Bilboko ur partzuergoa, eta ura handik ekarriko dute. Horrek ez du betetzen ur esparruari buruzko zuzentaraua, Europak agintzen duena, ura hurbiletik hartu behar dela dioena. Arro hidrografikoak eurek dauden autonomia erkidegoko gobernuaren mende baino ez daude, baina arroa hainbat autonomia erkidegotatik igarotzen denean, Madrilen mende dago. Hau da, urari buruzko erabakiak Madrilek hartuko ditu”.
Dokumentala egiteko, hainbat iturri kontsultatu dituzte, baina Gamazak adierazi du ez dela lan erraza izan; izan ere, hainbatetan Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko arduradunekin elkarrizketa bat eskatu arren, ez dute erantzunik jaso: “Dokumentalean ere agerian geratu dira eurekin harremanetan jartzeko egin ditugun ahaleginak. Ez dute erantzunik eman. Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak Uruguain zer egiten zuen galdetu gura genien, baita zergatik den Iberdrola euren bazkide nagusia. Ez ditugu kudeaketa horiek ulertzen, baina ez dugu erantzunik jaso. Ez ziguten elkarrizketarik eman gura. Enpresa publikoa da, eta azalpenak eman beharko lituzke”, gaineratu du dokumentalaren zuzendariak.