Kurtzeron kirol instalazioak egiteko proposamenak jaso ditu Muxikako Udalak
Agintaldia amaitu aurretik, Kurtzeroko frontoiaren inguruan kirol instalazio bat egitea da Muxikako Udalaren asmoa. Herritarren proposamenak jasotzeko parte hartze prozesua martxan jarri du udalak.
Kurtzeron kirol instalazio bat egitea da Muxikako Udalaren asmoa. Agintaldia amaitu orduko obra eginda izan gura dute, eta proiektua idazteko herritarren ekarpenak jaso dituzte.
Kurtzeroko frontoiaren inguruan kokatu gura dute kirol ekipamendua, baina ez dakite eraikin independiente bat izango den edota frontoiari atxikituta egongo den. Hori bai, ikastaroak egin ahal izateko espazio balioaniztuna eraikitzea da helburua. “Espazio balioaniztuna eraiki gura dugu, ikastaroak bertan egin ahal izateko. Gainera, beste espazio bat sortu gura dugu makinak jartzeko edota kirol aktibitate desberdinetako materialekin kirola egin ahal izateko”, azaldu du Roke Ojanguren Muxikako Udaleko zinegotziak.
Egin beharreko obra da, kirol ikastaroak egiten diren Zubieta Errotako eraikina “txiki” geratu delako: “Gaur egun, Muxikan, hainbat ikastaro egiten dira, denak Zubieta Errotako eraikinean, kultur etxean. Eraikina txiki geratu da, eta gure asmoa da beste instalazio bat egitea ikastaro horiek eraikin berri horretan gauzatu ahal izateko. Halaber, ikastaroetan izena eman ez duten baina udalerrian kirola egin gura duten herritarrei hori egiteko zerbitzu berri bat eskaintzea da ideia”.
Hori horrela, herritarren iritzi eta ekarpenak jasotzeko parte hartze prozesua abiatu du udalak, “Muxika, Ibarruri eta Gorozikako bizilagunen ideia eta proposamenak jasotzeko”. Parte hartzeko aukera urtarrilean zabaldu dute, eta harrera “ona” izan duela onartu dute, ehunka erantzun jaso baitituzte lehenengo egunetan. Orain, erantzunak batzen ari dira, hurrengo hilabeteetan, jendearen ekarpenekin proiektuaren diseinua egiten hasteko.
Herritarren eskakizunak bat datoz udalak aurreikusitako beharrekin: gehienek areto “handi eta zabal” bat eskatu dute ikastaroak egiteko. Gainera, makinak dituen lekua ere gura dutela adierazi dute. Badaudela bideragarriak ez diren ideiak ere esan dute: “Egia da, jendeak proposatutako zenbait aukera ezin ditugula gauzatu. Pistinak eskatu dituzte batzuek, baina guk ez daukagu baliabuderik horretarako, udal txikia garelako. Ahal den heinean, baina, jendearen iritzia kontutan hartuko dugu”.
Parte hartze prozesua zabalik dago oraindik, eta parte hartu gura dutenek galdetegia bete beharko dute. “Ez dugu parte hartzeko eperik jarri, baina hemendik hilabete pare batera proiektua marrazten hastea aurreikusi dugu. Hala ere, nahiz eta proiektua marrazten hasi, ekarpenak jasotzen jarraituko dugu, aldaketak egiteko denbora dagoelako”, diote.
Ekonomikoki eta azpiegitura aldetik egingarria den obra dela esan dute, eta 2022ko aurrekontuaren parte dela zehaztu dute. Gainera, hainbat diru laguntza deialdi begiratu eta horietan proiektua aurkeztu dute: “Hainbat diru laguntza daude kirol ekipamenduak egiteko, eta bagabiltza proiektua aurkezten. Dagoeneko onartu ditugu diru laguntza bat, baita ideia da beste diru laguntza linea batzuetatik ere ekarpenak lortu ahal izatea”.