Apirilaren 7an Bermeotik sartuko da Korrika Busturialdera
Ohi bezala, aurreko Korrika amaitu zen herrialde berean hasiko da aurtengoa: Araban. Amurriotik abiatuko da martxoaren 31an, eta zortzigarren egunean ailegatuko da Busturialdera. Lasterketa erraldoia Donostian amaituko da apirilaren 10ean.
2019an egin zuen ibilbide bera egingo du 22. Korrikak. 13:23ak inguruan Bakiotik sartuko da Bermeon, eta 17:34ak inguruan Bedaronatik pasatuta Lea-Artibaiko herritarren esku geratuko da lekukoa.
Ordutegiak, herriz herri:
Apirilak 7, osteguna
- Bermeo 13:23
- Mundaka 14:20
- Busturia 14:53
- Gernika-Lumo 15:38
- Gautegiz Arteaga 16:35
- Ibarrangelu 17:14
- Ea 17:34
Ohi bezala, aurreko Korrika amaitu zen herrialde berean hasiko da aurtengoa: Araban. Amurrio izango da euskararen aldeko ekintzari irteera emango dion herria. Bertatik abiatuko da mezu sekretua daraman lekukoa martxoaren 31an, 16:30ean. Euskal Herria zeharkatu ostean, Donostian amaituko da apirilaren 10ean 12:30ak inguruan.
Azkenekoz 1999an amaitu zen Donostian Korrika. Joxe Ripiau taldeak jarri zion musika lasterketari orduko hartan. Euskararen alde hainbat esparrutan jardundago 11 lagun omendu zituzten. Aurten, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoei egingo diete aitortza, euskararen sustapenean “eragile aktibo” izateagatik. Azken 34 urteotan adierazi duten “konpromisoagatik eta ekinagatik” omendu dituzte. Orainaldiari eta etorkizunari begira dauden eragileak direla azaldu dute Korrikaren batzordeko kideek.
Aurten, 2.180 kilometro egingo ditu zazpi herrialdeetan, Hitzekin lelopean. Hizkuntza bat hitzekin osatzen dela, baina ekimenek eraikitzen dutela hizkuntza baten komunitatea gogoratu gura dute. Hala, euskarak aurrera egin nahi badu, “euskaldun proaktiboak” behar dituela gogoratu gura dute aurten. Ekitekoa ordua dela-eta, hitzetik ekintzara salto egiteko deia egin dute Korrika batzordearen kideek: “Hitz egin, eta ekin. Orain da 22. tantoa egiteko unea. Partida irabazi behar da euskaraz eginez, eraginez, eta eginaraziz. Nork bere tokitik, eta egin beharretik ekinez”. Badugunaz, bagarenaz, eta izango garenaz ohartzeko eskatu dute. “Hitza emana duzu, orain, jauzi ekintzara. Euskara ahoan izan behar dugu herritarrok, elkarteek, erakundeek. Bada ekiteko ordua, hitz egiteko ordua. Hortaz, ernatu”.
Ibilbidea. Lehenengo arratsalde horretan Aiara eta Enkarterrin ibiliko da, eta apirileko lehenengo egunekin batera sartuko da Hego Uribera.
Apirilaren 1eko gau osoa Bizkaian emango du Korrikak, Hego Uriben eta Durangaldean, gero Gipuzkoara sartzeko, Eibarretik. Debagoienan ibili eta gero, Arabara bueltatuko da –Legution barrena–, aurtengo lehenengo hiriburua zeharkatzeko: Gasteiz. Apirilaren 1eko azken orduak Sakanan igaroko ditu lekukoak, eta korrikalariek Nafarroan emango dute asteburu osoa, Sakanatik Iruñerrira, eta Iruñeatik Elortzibarrera, Tafallaldea igaro eta Erriberara joateko.
Apirilaren 3an mendi eta haranetan ibiliko da lasterketa erraldoia, apirilaren 4an, 17:00etan, Donibane-Garazi zeharkatzeko. Iluntzean, Maulera ailegatuko da, eta ibilbidearen erdia eginda egongo da ordurako. Apirilaren 5eko lehenengo orduak Zuberoan emango ditu lekukoak. Apirilaren 6arekin batera, Arabako hurrengo etapa helduko da: Mugatik Kanpezura, eta handik Trebiñura eta Gorbeialderainoko bidea egingi dute, Arratiara heltzeko. Bi egun emango ditu Korrikak Bizkaian; Arratiatik Usansolora, eta Txorierritik Bilbora joango dira iluntzean. Ezkerraldea eta Meartzaldetik ibiliko dira korrikalariak apirilaren 7ko ordu txikietan, Uribe Butroetik Busturialdera ailegatzeko; Busturialdea eta Lea-Artibai zeharkatuta, eguna Mutrikun amaituko dute.
Apirilaren 8a Gipuzkoan igaroko du lasterketak eta hurrengo egunean Nafarroara iritsiko dira korrikalariak, Lapurdi eta Baiona zeharkatzeko. Euskal Herriko herrialde guztiak ukituak izango ditu Korrikak ordurako, baina azken eguneko txanpa faltako zaio oraindik, apirilaren 10ekoa: hegoaldera joko du lehenik, eta berriro sartuko da Gipuzkoara Irundik. 07:30ak aldera iritsiko da lasterketa Donostiara.
Gailu adimendunetarako aplikazioa. AEKtik jakinarazi dutenez, ibilbidearen xehetasunak –ordutegia, esaterako– eta ekimenaren unean uneko egoera kontsultatu ahalko da Korrika aplikazioaren bidez. Programak hainbat berrikuntza dakartza aurten: bilatzaile hobetua eta estaldura arazoak ekiditeko sistema, adibidez.