Anjel Lekuonaren wikipedia sortu du Gotzon Egiak
Busturiko milizianoaren historia biltzen duen hainbat informazio-fitxa idatzi ditu donostiarrak
Anjel Lekuona, nazien kontzentrazio esparru batean hildako milizianoari buruzko Wikipedia sarean da dagoeneko. Gotzon Egia idazle donostiarrak egin du busturiarraren bizitza kontatzen duen sarrera entziklopedia digitalean, eta hainbat atal sortu ditu.
Azalpen orokorarren ostean, Lekuonaren berri izan nahi duenak bere bizitza eta bizipenen berri irakurri dezake lau ataletan: Jatorria eta familia, Gerra zibila eta ihesa, Kontzentrazio esparruetan eta Oroimen berpiztua. Atal horien barruan, azpiatalak ere sortu ditu Egiak.
Busturian jaio zen Anjel Lekuona, 1913. urtean. Euskal miliziano edo gudaria izandakoa, nazien kontzentrazio esparru batean erail zuten, 1945an. Haren loba, Anton Gandarias, osabaren arrastoa ikertzen hasi zen duela hogei bat urte. Osabari gertatu zitzaiona jakin nahian emandako pausoek emaitza izan zuten: Ikertzen hasi eta hiru urtera, Alemaniatik gutun bat idatzi zion Mallorcako neska batek. Buchenwaldeko kontzentrazio-esparruan ikerketa lan bat egiten ari zen historialaria zen bera: Elena Rodriguez Codd, eta Lekuonari buruzko informazioa bidali zion. Gandariasek jasotako azken informazioen arabera, Hradischkoko kontzentrazio esparruan fusilatu zuten Lekuona, beste bost presogaz batera, eta bost horien eta Lekuonaren errautsak Pragako erraustegi batean daudela jakin du: Strasnicen.