Oinezkoei lehentasuna emateko lanak egingo dituzte Altamira auzoan
Segurtasuna hobetzeko lanak egiteaz gain, aparkalekuak egingo dituzte. Altamiratik Paresira doan bide estua zabaltzeko lanak ere egingo dituztela azaldu du Busturiko alkate Aitor Aretxagak.
Segurtasuna hobetzeko lanak egingo dituzte Busturiko Altamira auzoko erdigunean. Ondorioz, lanok amaituta, inguru horretan oinezkoek lehentasuna izango dutela azaldu du Busturiko alkate Aitor Aretxagak.
Urre SA enpresak egingo ditu lanok, eta horiek egiteko kostua 330.004,80 eurokoa (BEZ barne) da. Alkateak esan duenez, lanokin hastekoak dira, eta hiru hilabeteko epean amaitzea aurreikusi dute.
Aparkaleku gehiago jarriko dituzte auzoan bertan. Jende asko ibiltzen den gunea dela zehaztu du Aretxagak: «Tenis pistak, frontoia, kultur etxea, Busturiko eskola eta haurreskola, jolas lekuak, eliza eta auzoko tabernak daude. Bertoko herritarrez gain, kanpoko jendea ere egoten den lekua da. Ezustekoren bat edo beste ere egon da inguru horretan, umeren bat eta autoren bategaz. Arrisku egoerak sortzen dira, eta horiek saihestu gura ditugu. Gainera, autoak txarto aparkatuta egoten dira nonahi inguru osoan».
Diru laguntzak eskatu. Aipatu duenez, udalera heldu zirenetik eduki dute lan horiek egiteko gogoa; «inbertsioa, hala ere, nahikoa handia da, eta lehenago beste lehentasun batzuk eduki ditugu». Horiek egiteko unea heldu dela esan du, eta diru laguntzak eskatuko dituztela gaineratu du alkateak.
Altamirako plaza eta errepidearen beste aldean dagoen umeentzako jolas lekua batu gura dituzte. Ibilgailuak ibiliko direla zehaztu du alkateak, baina gehienezko abiadura 20 kilometro ordukoa izango dela gaineratuta. Lehentasuna, baina, oinezkoek edukiko dute, eta horretarako seinaleztapen egokia jarriko dute, eta beharrezko margotze lanak ere egingo dituzte. Errepidea, gainera, altxatu egingo dute, eta espaloiaren altuera berean jarriko dute. Ibilgailuentzako bide bakarra egongo dela esan du alkateak: «Bi noranzkoetan joan ahalko bada ere, auto bakarra joan ahalko da, lehentasuna izango du batek».
Plaza aurrean kokatuta dagoen edukiontzien gunea ere mugituko dute: «Gunea garbi mantentzea zaila egiten zaigu askotan. Bi taberna daude inguruan eta jende asko ere mugitzen da. Ez genuen ondo ikusten, eta apur bat aurrerago mugituko ditugu horiek guztiak. Leku berezi bat jarriko da edukiontzientzat». Lan horiekin guztiekin ingurua «humanizatzea» dute helburu nagusia.
Nahiz eta tenis pisten ondoan autoentzako aparkalekua dagoen, Busturiko Udalak beste aparkaleku bat egingo du BBKrena zen landa batean, Txirapozu jauregitik hurrean. Akordio batera ailegatuta, lursaila erosi diote BBKri. Horretan, 24 autorentzako lekua egongo dela uste du. Dioenez, momentuz, ez da landa guztia aparkalekuarentzako erabiliko, saiakera bat egingo dute 24 lekugaz: «Bi aparkaleku hauekin ea lortzen dugun autoek txarto ez aparkatzea, jendea txarto ohituta baitago».
Azkenik, Altamiratik Paresira doan bidea zabalduko dute, eta hor ere oinezkoek izango dute lehentasuna: «Oso estua da bidea. Badago, gainera, etxebizitza bat etxetik irten eta zuzenean errepidera irteten dena, ez dauka espaloirik, eta arriskutsua da. Ibilgailuak, gainera, bi noranzkoetan ibiltzen dira, eta gune honetan ere ezustekoren bat egon da». Hortaz, errepidearen ondoan dagoen etxebizitza bateko jabeagaz berba egin eta lursail zati bat kenduko diote errepidea zabaltzeko: «Jabeari lursaila erosteko izan gara, baina horma egiten badiogu, behar dugun beste hartzeko esan digu. Arriskuaren jakitun da, eta udaletik oso eskertuta gaude». Modu horretan, zabaltzeaz gain, gaur egun errepideak duen bihurgunea kenduko dutela azaldu du Aretxagak. Lanok amaituta, hortaz, oinezkoek «modu lasaian» joan ahalko dute bide horretatik ere.
Kableak lurperatu. Lanak baliatuta, argindar publikoaren eta telefono eta instalazio elektrikoen kableak lurperatuko dituzte. Gainera, San Kristobaletik Altamirara doan ur hoditeri «zaharkitua» berriztu eta lurperatuko du Ur Partzuergoak: «Guk egingo dugu Altamirako zatia, eta gure obra baliatuta egingo du Partzuergoak San Kristobaletik eta Altamirarainokoa».