Gozatu gabeko garaipena
Emakumezkoen Euskal Ligan Gernika RT-Getxo RT taldeak “erraz” irabazi zion Eibar RTri zapatu arratsaldean [urtarrilak 15], Urbietan. 91 eta 0 amaitu zuten aurtengo lehenengo partidu hori. Eibar bi jokalari gutxiagogaz heldu zen Gernika-Lumora, eta etxekoek ondo aprobetxatu zuten berdeguneko nagusitasuna: “Hiru jokalari gutxiagogaz partidua bertan behera geratzen da, baina bi gutxiago zirenez, jokatu egin genuen. Bi gutxiago izateaz gain, jokalari batek min hartu zuen, eta ondorioz, ez zen askorik mugitzen zelaian”.
Basurdeek ezin izan zuten zelaian gozatu: “Zuloak erraz topatzen genituen eta entseguak egin. Sentsazio arraroak eduki genituen. Partidu bat jokatzen duzunean, lehia puntu bat egotea gustatzen zaizu. Zelaian bi jokalari gutxiago izatea asko igartzen da. Gure asmoa zen zati bat betiko moduan jokatzea, eta bigarren zatian gure jokalari batzuek Eibarrekoekin jokatzea, apur gozatu ahal izateko, baina epaileak ez zigun utzi”. Horregatik, “sentsazio txarragaz” ez geratzeko, partiduaren ostean ordu laurdeneko lagunartekoa jokatu zuten: “Gure taldeko hiruk jokatu zuten eurekin, eta hamabina jokalarigaz jokatu genuen”.
Hurrengoa ere etxean. Ligaren hurrengo jardunaldia ere Urbietan lehiatuko dute, RC Riojaren kontra. 2022ko lehenengo partidua izan behar zen, baina talde errioxarrean egondako koronabirus kasuengantik atzeratu egin behar izan zuten, eta zapatu arratsaldean [urtarrilak 22] jokatuko dute, 16:30etik aurrera.
Liga hasierako bi partiduak irabazi ostean, 2021-2022 denboraldiko lehenengo porrota Errioxan heldu zitzaien. 29 eta 27 galdu zuten azaroak 27an, Logroñon. “Joanekoan guk jokalari bat gutxiagogaz jokatu genuen han, eta oso borrokatua izan zen. Ea hemen borrokatzeko eta irabazteko aukera daukagun”, azaldu dute klub gernikarrekoek. Eibarren kontrako partiduan modura, Getxoko lehenengo taldeko jokalari batzuek ere Getxo-Gernika taldearekin jokatuko dute asteburu honetan, eurek ez daukatelako partidurik. 20 bat jokalari egotea espero dute.