Bermeoko Irakurleen Txokoak 'Ibaiertzeko ipuina' liburua landuko du etzi
Oihane Amantegi idazle zornotzarraren liburua izango dute oraingoan aztergai; liburutegiko beheko solairuan batuko dira, 18:30etik 20:00etara.
Bermeoko Udalaren Euskara Sailak antolatzen duen Irakurleen Txokoak urteko lehenengo hitzordua dauka etzirako, hileko hirugarren eguena izanik. Oraingoan, Oihane Amantegi idazle zornotzarraren Ibaiertzeko ipuina liburua lantzeko batuko dira parte hartzaileak. Izenburuak berak esaten duen moduan ipuina da Amantegirena, “ipuin luzea”.
Ohi legez, liburutegiko beheko solairuan batuko dira, 18:30etik 20:00etara, eta Arrate Egaña idazleak dinamizatuko du saioa.
Irakurleen Txokoan hilean behin batzen dira literaturan interesa duten pertsonak. 2011n hasi zen ekimena Bermeon, eta parte hartzea doakoa da. Gura duenak udal liburutegian izena eman dezake; bertara hurbildu, izena eman eta hurrengo hilabeterako liburua jaso besterik ez du egin behar.
Helburuak honakoak dira: Irakurzaletasuna sustatzea, euskaraz idazten duten idazleak eta euskarara itzulita dauden nazioarteko autoreen lanak ezagutzera ematea, talde egonkorra lortzea, guztiok gustura egotea eta partaideen eta dinamizatzaileen arteko konfiantza giroa sortzea.