Hamasei puntugatik galdu dute basurdeek Burgosen aurkako norgehiagoka
Gernika RTko jokalariek ezin izan dute denboraldiko bigarren garaipena lortu, 17 eta 33ko markagailuagaz amaitu baita Burgosen aurkako norgehiagoka. Denboraldiko zortzigarren porrota zenbatu dute.
Burgos taldearen aurkako norgehiagoka irabaztea “oso garrantzitsua” dela adierazi du Jokin Eskolar Gernika RTko jokalariak partidua hasi aurretik. Lehia garrantzitsua izan da gaurkoa, basurdeek sailkapenean bi postu aurretik duten aurkaria izan baitute aurrez aurre. Irabazi egin beharra zuten, baina basurdeek ezin izan dute denboraldiko bigarren garaipena lortzeko helburua bete. 17 eta 33ko markagailuagaz, denboraldiko zortzigarren porrota zenbatu dute.
Minutu bateko isilunegaz hasi dute partidua Urbietan, Burgos taldeko medikuaren aita gogoratzeko.
Jokoa hasi eta lehen minutuetan berdintasuna nagusitu da norgehiagokan. Burgos taldeko jokalariek erasotu dute lehenengo, baina ondo erantzun diete basurdeek. Bosgarren minuturako entsegu lerrora hurbildu dira etxekoak, baina ez dute hori zeharkatzea lortu.
Lehiaz betetako minutuen ostean, falta baten ondorioz, lehenengo hiru puntuak lortu dituzte Burgosekoek. Ostiko batez, bi zutabeak barrutik zeharkatu ditu baloiak. Etsi beharrean, joko ona erakusten jarraitu dute basurdeek, baina ezin izan dute punturik lortu partiduko lehen minutuetan.
28.minutuan, baina, Burgoseko jokalarien hutsegitea aprobetxatu eta eraso arin, zuzen eta dinamikoa uztartuz, lehenengo bost puntuak lortu ditu Eneko Gorostizak. Capuk borbildu du, eta 7-3koa ezarri du markagailuan.
Hala ere, basurdeen hutsegiteak aprobetxatu dituzte Burgosekoek. Falten ondorioz, puntuak eskuratzen jarraitu dute, eta beste hiru puntu lortu dituzte, markagailuan hurbilduz: 7-6. Erasotzen jarraitu dute gainera, 39. minutuan entsegua lortuz eta hura borobilduz. Markagailua iraultzea lortu dute: 7-13. Lehen zatia amaitzear zegoela, gainera, abantaila gehitu dute bisitariek, oraingoan ere falta baten bitartez, eta atsedenaldira bederatzi puntuko aldeagaz iritsi dira (7-16).
Erasokor hasi dute bigarren zatia basurdeek. Puntuak arin eskuratu behar zituzten, eta lehen minutuetan horiek lortzeko saiakerak egin dituzte. Hala, golpe bati esker lehen hiru puntuak lortu dituzte (10-17). Borrokak jarraitu du, eta Burgos taldeko jokalariak azkarrago ibili dira, hutsegiteak aprobetxatuz, eta errenta handituz. Entsegu bati esker 13 puntuko aldea jarri dute markagailuan (10-24) eta falta bati esker hamaseikoa bigarren zatiko 21. minutuan (10-26).
Saiatu dira basurdeak, baina ezin izan dute lehen zatiko erritmoa mantendu. Burgosekoek gero eta gehiago erasotu dute, eta euren jokoa nagusitu da bigarren zatian zehar. Bisitarien hirugarren entsegua iritsi da 34.minutuan, eta partiduan ihes egin dute: 10-33. Azken minutuan, baina, Peio Urrutiak entsegua lortu du, eta 17-33koa jarri du azken markagailuan.
Leonel Moreno Gernika RTko jokalariak lehenengo zatia “nahiko berdindua” izan dela adierazi du partidua amaitu ostean, eta bigarrenean norgehiagokak “ihes egin” diela onartu. Euren jokoa hobetzeko lan egin behar dutela dio.
Epaileen partidu amaierako txistuagaz, zortzigarren partidua galdu dut Gernika RTk, eta sei puntugaz, Ohorezko Mailaren azken postuan jarraitzen dute basurdeek, CR La Vila azkenaurrekoaren atzetik hiru puntura.
Datorren jardunaldia ere, gogorra izango da Gernika RTrentzat, basurdeek sailkapenaren hirugarren postuetan dagoen Alcobendas Rugby hartuko baitute etxean.
Fitxaketak. Azken astean, taldea sendotzeko bi fitxaketa egin ditu Gernika RTk: Hanno Snyman eta Julian Manuel Izaguirre. Hasieratik bigarren zatiaren erdialdera arte jokatu du Snymanek, eta maila ona erakutsi du jokalariak.