Bizkaibusen zerbitzua %24 igo da 2021ean
Guztira, 22.047.895 bidaia egin zituzten Bizkaibuseko autobusek, 2020an baino 4.260.949 bidaia gehiago. Erabiltzaileen gogobetetze maila 7,6koa da.
Bizkaibusen zerbitzuen erabilera “nabarmen” igo zen iaz, 2020ko datuekin alderatuta; hain zuzen ere, %24 igo zen zerbitzua. Guztira, 22.047.895 bidaia egin zituzten Bizkaibuseko autobusek, 2020an baino 4.260.949 bidaia gehiago; 17.786.946 bidaia izan ziren 2020an egindakoak.
Arduradunek nabarmendu dute zerbitzuaren igoeraren %31,3 azken hiru hilekoan zenbatu dutela. “Urrian, azaroan eta abenduan nabarmena izan da igoera”, azaldu dute. Iazko datua Bizkaibusek urte bakarrean egin dituen bidaien gehiengotik –29.280.081 bidaia– gertu dago; kantitate hori pandemiaren ondorioz ezarritako murrizketen aurretik zenbatu zen.
Lineei erreparatuta, A3247 Bilbo-Aireportua linearen igoera azpimarratu dute. Izan ere, linea horretan izandako desplazamendu kopuruaren igoera %38,03koa izan zen iaz 2020 urtearekin alderatuta. Leioako Euskal Herriko Unibertsitatera joateko lineek ere igoera handia izan zutela adierazi dute: %34,8.
Miguel Angel Gomez Viar Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko diputatuaren berbetan, “hazkunde positiboa” da iazko datuek erakusten dutena: “Etorkizunari begira baikorrak izatera garamatzan eta garraio publikoaren erabileran konfiantza eta susperraldia islatzen dituzten datuak dira, hazkunde positiboa erakusten dutenak”.
Erabiltzaileen gogobetetze mailari dagokionez, Bizkaibusek urtero egiten dituen Kalitate Inkestek adierazi dute aurreko urteetako maila berean jarraitzen duela balorazioak: 7,6koa da bezeroen gogobetetze maila.
Inkesta horiei esker, ondorioztatu dute autobus linea erregularrak erabiltzen dituztenak “oso seguru” edo “nahiko seguru” sentitzen direla, birus egonda ere. 2020an, erabiltzaileen %62 sentitzen ziren oso seguru; iaz, berriz, %79ra igo zen datua. “Beste aldetik, %10etik %3ra jaitsi da batere seguru sentitzen ez diren bidaiarien ehunekoa”, zehaztu dute.
COVID19. Pandemiari aurre egiteko eta bidaia seguruagoa bermatzeko hartutako neurriekin “pozik” dauden erabiltzaileen ehunekoa %56tik %77ra igo zen iaz. Neurri horiekin “batere pozik” ez daudenen ehunekoa 10 puntu jaitsi da: %14 zen 2020an, eta %4 2021ean.