Zergak eta isunak ordaintzeko sistema berriak eskainiko ditu Bermeoko Udalak
Otsailetik aurrera, Bizum eta Nire Ordainketa Wallet kanalak zabaldu ditu ordainketak egin ahal izateko. Ordainketak egiteko ohiko bideak ere mantenduko ditu Bermeoko Udalak.
Bermeoko Udalak zergak, isunak edo zuzenbide publikoko beste diru sarrerak ordaintzeko sistema berriak ezarriko ditu otsailetik aurrera. Hori horrela, ohiko bideez gain, ordainketak egiteko Bizum eta Nire Ordainketa Wallet kanalak ere erabili ahalko dituzte bermeotarrek.
Zehaztu dutenez, Nire Ordainketa Wallet kanala mugikorrean dagoen diru zorro digitala da, herritarrei euskal administrazioetako ordainketak modu “erraz, iraunkor eta seguruan” egiteko aukera ematen diena, beste zenbait zerbitzuren artean. Sistema honen bidez ordainketak egin gura dituztenek mugikorrera deskargati beharko dute aplikazioa.
Horrez gainera, jakinarazi dute leihatilako eskuzko ordainketak mugatuko dituztela: datorren hilabetetik aurrera, Intxausti kaleko 2. zenbakian dagoen diru bilketa bulegoan gehienez ere 50 euroko ordainketak egin ahal izango dira.
Udalaren helburua herritarrei “ahalik eta erraztasun gehien” ematea dela adierazi du Aritz Abaroa Bermeoko alkateak: “Zergak, tasak, isunak… ordaintzeko aukera berriak eskaintzen ditugu, eta horrela, herritarrak berak aukeratuko du gustuko duen bidea”. Administrazio “hurbil bat” izatea da udalaren helburu estrategikoetako bat, eta eskura dituzten baliabide teknologiko horiei esker “aurrerapauso” bat emango dutela uste du alkateak.
Berrikuntza horiekin, 2022ko otsailaren 1etik aurrera, aldaketak egongo dira ordainketak egiteko ordutegiari, egutegiari edota bideei dagokienez.
Leku eta orduak. Bide berriak martxan jarrita, orain, ordainketak banketxeetan, Bizum eta Nire Ordainketa Wallet aplikazioei esker, edota Berhaz bulegoan banku txartelez eta diru bilketa bulegoan esku dirutan egin ahalko dira.
Berhaz bulegoan, astelehenetan, eguaztenetan eta barikuetan, 08:00etatik 15:00etara bitartean egongo da ordainketak egiteko aukera, eta martitzen eta eguenetan 08:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara bitartean. Intxausti kaleko ordainketa bulegoan, berriz, astelehenetik barikura bitartean 11:00etatik 14:00etara artean egin ahalko dira tramiteak.
Zehaztu dutenez, diru bilketa bulegoan, borondatezko aldian, zabor bilketaren ordainagiriak bakarrik ordaindu ahalko dira, 50 euro gehienez.Ordutegi fisikoa
Zerga egutegiaren borondatezko aldia honakoa dela adierazi dute:
- Lehenengo hiruhilekoa: 2022/03/11tik 2022/04/11ra arte
- Bigarren hiruhilekoa: 2022/06/09tik 2022/07/11ra arte
- Hirugarren hiruhilekoa: 2022/09/19tik 2022/10/19ra arte
- Laugarren hiruhilekoa: 2022/12/12tik 2022/01/12ra arte