Jolasteko eskubidea bermatu dute
Bizkaiko Gurutze Gorriak jostailu bilketa egin du Gabonetan, eta Busturialdean ere hainbat izan dira ekimen solidarioarekin bat egin duten herritarrak. Bizkaia osoan, guztira, 5.515 jostailu bildu dituzte.
Gabonetan Bizkaian 5.000 jostailu biltzeko erronka gainditu du Bizkaiko Gurutze Gorriak. Beste behin, umeen jolasteko eskubidea bermatzeko Beraien Eskubideak Jokoan bilketa kanpaina abiatu zuten, eta ekimen orokor horregaz bat egin du Busturialdeko Gurutze Gorriak; besteren artean, Maierrek eta Lointek Gernika Bizkaiak parte hartu dute. Lurralde historikoan 5.000 jostailu biltzea zen hasierako erronka, eta helburua gainditu dute. Guztira 5.515 jostailu berri batu eta banatu dituzte, jostailu horiek egoera zaurgarrian dauden Bizkaiko 1.800 umeri emanez.
Gurutze Gorriak emandako datuen arabera, Bizkai, Araba eta Gipuzkoan 23.086 jostailu banatu dizkiete egoera zaurgarrian dauden 4.177 umeri. Bizkaiaz gain, Araban 1.000 jostailu izan dira 520 umerentzat eta Gipuzkoan 5.571 jostailu 1.857 umerentzat.
Ekimenaren helburua 0 eta 17 urte bitarteko ume eta nerabeentzako jostailuak biltzea zen, egoera zaurgarrienean dauden umeen jolaserako eskubidea bermatzeko. Jostailuak ume eta gazteentzako aisialdi iturri izateaz gain, komunikazio trebetasunak edo hartu emanak hobetzen laguntzeko tresna dira: “Hori da ume bakoitzak jostailuak izatearen, eta familiak eta ingurukoek produktu horiek pertsona, adin eta gaitasun bakoitzera egokituta egon beharko liratekeela ulertzearen garrantzia”.
Boluntarioak eta elkartasuna. Bizkaiko bilketa kanpainan Gurutze Gorriko 360 boluntariok parte hartu dute, establezimenduetako bezeroen dohaintzak jasoz eta jostailuak adinaren arabera hautatu eta antolatuz. “Horri esker, erronka gainditu da, aurreko edizioetan gertatu bezela”, azaldu dute Bizkaiko Gurutze Gorriko arduradunek. Iaz, Bizkaian 6.000 jostailu biltzea zen erronka, eta 6.647 jolas batu zituzten.
Bilketa kanpaina posible izan da, baita ere, bilketa guneetara dohaintzak egitera hurbildu diren norbanakoei esker, jostailuak jasotzeko gune gisa funtzionatu duten erakundeen lankidetzari esker, euren bulegoetan langileen artean jostailuak bildu dituztenei edo jostailuak eman dituztenei esker, eta onlineko dohaintzei esker.
Erakunde, norbanako eta boluntario horien lana eskertu du Gurutze Gorriak: “Eskerrak eman gura dizkiegu aurten ere ekimen solidario honetan parte hartu duten pertsona eta erakunde guztiei, egoera zaurgarrian dauden umeei euren garapena eta gizartean integratzea hobetzen laguntzeko prest agertu direlako. Askotan enpatiaren, jolasaren eta jostailuen bidez funtsezko beste ikaskuntza batzuk sustatzen dira, eta eragile eta norbanakoen laguntza beharrezkoa izan da umeen eskubide hori bermatzeko”, adierazi du Eneko Kanpandegi Euskadiko Gazteen Gurutze Gorriaren zuzendariak.