Tuterako hilketa matxista salatu dute Bermeon eta Gernika-Lumon
2022an Euskal Herrian indarkeria matxistak hil duen lehen emakumea da Sara Pina.
Sara Pinaren hilketa matxista salatzeko elkarretaratzeak egin dituzte Bermeon eta Gernika-Lumon. 2022an Euskal Herrian indarkeria matxistak hil duen lehen emakumea da.
Atzo, Sorginorratz Bermeoko Talde Feministak deituta, Taraskan batu ziren bermeotarrak elkarretaratzean. Datu bat eman zuten behin elkarretaratzea amaituta; “2003tik 113 emakume hil dituzte Euskal Herrian”. Gogor salatu zuten Tuteran gertatukoa; espero dute mota horretako elkarretaratzeak egiteko berriro batu behar ez izatea.
Gernika-Lumon ere Sare Feministak deitutako elkarretaratzean batu ziren atzo. Herenegun Itaia Busturialdeak salatu zuen aurtengo lehenengo hilketa matxista.