Kankinkabarako txistulariek ez dute San Anton egunean hutsik egingo
Datorren astelehenean Lamera eta portua girotuko dituzte txistu doinuekin; 19:50 jarri dute hitzordua Andeko Tabernan.
San Anton besugos a monton dio esaera zahar batek, portuan bisiguak ohikoak izaten baitziren sasoi honetan. San Anton eguna (urtarrilak 17) da datorren astelehena, eta Bermeoko Kankinkabara Txistu Taldekoak kalera aterako dira, azken urteetan egin izan duten modura.
Iluntzean egin ohi dute kalejira, eta hala egingo dute aurten ere. Hain zuzen ere, 19:50ean jarri dute batzeko ordua Lameran dagoen Andeko Tabernan. Handik abiatuta, urtero legez, Lamera eta Portuzarra girotuko dituzte txistu doinuekin.
Garai batean txistulariek agurtzen zituzten arrantzaleak portutik bertatik, eta haiek itzultzean modu berean ematen zieten ongietorria. Kankinkabara sortu zenetik, ohitura hori berreskuratu da Bermeon.
Arrantzaleak esnatzen eta Gregorio Solabarrieta bermeotarraren Kresaletan piezak joko dituzte, urteroko ohiturari eutsita. Portuzarrean geldialdia egin, eta txalupa batetik bisiguak botako dizkiete, antzina egiten zena irudikatuz.
Kalejira amaitu ostean, Andeko tabernan batuko dira txistulariak, bisiguak afaltzeko.