Baserria, bizilekua baino gehiago
‘Arratzuko Baserriak’ liburua kaleratu du udalak, herriko kultur ondarea aztertzen eta zabaltzen jarraitzeko asmoz. "Herriaren nortasuna ulertzeko balio du".
Baserriak izan dira Euskal Herriko bizilekurik ohikoenak. Bizilekuak ez ezik, irabazpide eta familien sostengua ere izan dira. Hori dela eta, horren adierazgarriak diren eraikin horiei daukaten balioa aitortu gura izan die Arratzuko Udalak, eta ‘Arratzuko Baserriak’ liburua argitaratu du, Labayru Fundazioagaz batera.
Urte batzuk igaro dira honez gero Arratzuko Udala herriko ondarea aztertzen eta herritarren artean zabaltzen hasi zenetik. Ordutik gaur egunera, besteren artean, lekukoen bideo grabazioak batu dituzte eta herria ezagutzeko ibilbide bati buruzko ikus-entzunezkoa egin dute. Lanon helburua aurreko belaunaldien bizimodua aztertzea eta ezagutzea dela adierazi du Josu Olano alkateak, “herriaren nortasuna” hobeto ulertzeko: “Nondik gatozen, non bizi garen, zelan bizi izan ziren, zelako ospakizunak egiten zituzten, auzokoekin zelako hartu-emana zuten… Aurrekoena ezagututa bakarrik jakingo dugu etorkizunari aurre egiten”. Hari horri tiraka, herriko toponimia lantzen hasi ziren, udalerriko leku izenak berreskuratzeko asmoz. Eta lan horren zati bat da.
Gaur egun herrian dauden baserrien izenak aztertu eta bildu dituzte udalak eta Labayru Fundazioak elkarlanean, horiekin katalogo bat osatzeko. Izan ere, baserriek izena izan dute beti, belaunaldiz belaunaldi igarotzen joan dena. “Izen horregaz deitzen zieten bertan bizi zirenei, ze baserriak familiei eta euren “bizimoduari lotuta” daude, “izenez eta izanez”. Liburu honetan, herriko baserrien izen ofiziala jaso dute, erabiltzen dena, baita zelan ahozkatzen duten ere. Halaber, baserriei buruzko informazio historikoa, ezaugarri fisikoak edota bestelako datu batzuk bildu dituzte.
Izen ofizialak bilatzeko Bizkaiko XVIII. mendeko agiriak eta Jabego Erregistroko Artxiboa aztertu dituzte, eta herritar batzuen bitartez, ahozko formak batu dituzte. “Baserritzat jo daitezkeen etxeak landu ditugu. Batzuek honez gero jatorriko baserrietako errautsik ere ez dute, baina, ostera, lehen egondako baserrien lurretan jarraitzen dute, eta haien izenei eutsi diete”. Baserri izen bakoitzaren ondoan izen horrek denboran eduki dituen aldaerak idatzi dituzte, baita berbaz zelan esaten zioten ere. “Denek dute balioa, noizbait erabili izan direlako; horregatik ahalegindu gara denak jasotzen”, azaldu dute. Osagarri modura, baserri bakoitzari buruzko ohar batzuk jorratu dituzte, bai arkitekturari buruzkoak, bai etnografikoak, bai pasadizoak.
Ondarea zaintzeko asmoa
Euskal kulturan, oraintsura arte, baserri eremuetako etxeak, soloak edota landak izenez bereizten ziren. Gaur egun, baina, kalearen izena eta bakoitzari dagokion zenbakiaz ezagutzen dira, Uarka 2 edota Elexalde 5 kasu. “Baina herritarren artean eta herriko berbetan, nor zein den identifikatzeko normala da izenaren ostean Dolatzekoa, Oleskokoa, Zallonekoa edota Genaronekoa esatea”, adierazi dute Labayrukoek, eta kultur ondarearen balio hori zaintzearen alde egin du udalak. Izan ere, tradizio hori urteen joanagaz “galduz” doala adierazi dute, baserri gutxiago dagoen modura.
Familiak txikitu ahala, baserrietako espazioek funtzioa galdu dute, eta beste erabilera batzuk dituzte. Lehen, baserriak eraikin bakar batean batzen zituen hainbat osagai: bizilekua aurreko partean; korta, ganaduarena, atzeko alderdian; sabaia korta gainean eta kamara teilatupean. Orain, animaliarik ez da ia hazten baserrietan, eta kortak txoko, garaje edo gela bihurtu dira. “Kanpotik ere, gero eta gehiagok daukate ingurua zarratuta, baina lehen agerian zituzten landak edo ortuak”, zehaztu dute. Aldaketa horiek dira baserrietan bizi izandakoen errautsa, euren historia gordetzen duena.
Arratzuko baserrien arkitektura “balio handikoa” da gainera. Asko berrituta dauden arren, antzinakoen familia handien bizimodua gordetzen dute. Izan ere, familia “zabalak” bizi izan dira baserrietan, “hiru belaunaldi elkarrekin gehienetan”, eta seme-alaba askokoak. “Denen artean ekonomia autarkikoa osatzen zuten; hau da, etxean ateratzen zen etxerako behar zena, eta euren bizimodua etxeari lotuta zegoen”.
Liburuan zehaztu dutenez, honez gero baserriko bizimodua “nahikoa” aldatuta dago Arratzun, “guztiz galduta ez badago”. Ia ez dago ganadurik baserrietako kortetan, abere txikiren bat salbu. “Lehen etxe gehienetan hamabi eta hamabost ganadu edukitzen zituzten, baita oiloak, zaldia, astoa, txerria… ere. Gaur, Arratzun daudenak aparteko esplotazioetan daude, ez baserrietan”.
Ortua, baina, badago hainbat etxetan, lehengo beste ez bada ere. Gaur egungoak ortu txikiagoak dira, etxeko kontsumorako erabiliak: “Badira ortu ederrak, eta astelehenetan Gernikako azokara joaten dira, baina ez du antzik joan den mendekoagaz”.
Baserrien krisia XX. mendearen 50eko hamarkadan hasi zen, industria indartu ahala. Baserritarrak –gizonezkoak batez ere– inguruko lantegietara joan ziren lanera, etxeko andrea baserriaren arduragaz geratuta. “Hainbat urtez ekonomia mota biak batera bizi izan dira, baina etxetik kanpo lan egitea zabaldu den bitartean, baserritik bizitzea gero eta nekezagoa izan da. Orain ere, baserrian lan egiten duten asko ez dira horretatik bizi”.
Gogoratu dutenez, Bizkaiko herri gehienetan moduan, Arratzun ere baserriak familia aberats batzuenak ziren gehienetan. Kasu honetan, Gandarias familia zen Arratzuko baserri gehienen jabea. “Gandariastarrak Busturialdeko familiarik boteretsuenetako bat izan ziren XX. mendean. Enpresa jarduerari esker ondasun handiak bildu zituzten, bai herrian, bai kanpoan. Horrek botere politiko eta ekonomiko handia ekarri zien”, jaso dute liburuan.
XX. mendea aurrera joan ahala, errentadoreak baserriak erosten hasi ziren, eta gaur egun ez dago Gandariastarren lorratzik herrian, ezta baserritar errentadorerik ere. Hala eta guztiz ere, baserriaren krisiak Arratzuko jende asko bialdu zuen Idahora, artzain eta itsasora beharrera.
Hala, garai hartako arratzuarren ondasun kulturala zaindu gura du udalak, Xalbador bertsolariak Sortetxeari egindako bertsoak dioena legez: Etxea zuri zor dautsu naizena: izena eta izana.