1970eko hamarkadako portua, argazkietan
1974 eta 1976 urteen artean Fede Merino argazkilari getxoztarrak Bermeoko portuan ateratako zenbait argazkiz osatuta dago Arrantzaleen Museoko 'Kresala. Bermeo 1974-1976' erakusketa.
Bermeoko portua, hango bizimodua, lanak eta beste hainbat bizipen jaso zituen Fede Merino argazkilari getxoztarrak bere kameragaz 1974-1976 artean. 1993. urtean Arrantzaleen Museoan bertan ikusgai jarri zuen Arrantzale izeneko erakusketari jarrapena emanez, argazki sorta berria dakar oraingoan Merinok. Kresala. Bermeo 1974-1976 izenburua dauka museo berean ikusgai dagoen erakusketak.
Jakitera eman dutenez, egileak 1974 eta 1976 urteen artean Bermeoko portuan hartu zituen 140 argazki baino gehiago digitalizatzea lortu du. Hala, gaur egun “erabat eraldatu” diren bizimodua, paisaia, jendea eta agertoki batzuk betikotu ditu. Arrantzaleen Museoko erakusketarako lagin bat aukeratu du, 30 argazki zintzilikatuta daude, hain zuzen ere, museoko hirugarren solairuko hormetan. Argazkiak testu bategaz lagunduta daude.
Merinoren kezka nagusia bere funtsak galtzea edo hondatzea zela aipatu dute Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariek: “Gure herriaren historiaren zati grafikoa desagertzeko beldurra zuen”. Modu horretan, hori saihestu aldera, Merino bera eta bere seme Karlos denbora luzez ibili dira 70eko hamarkadaren erdialdean lortutako argazki materiala irudi digital bihurtzeko lanak egiten eta, era berean, irudien kalitatea hobetzea ere lortu dute.
Funts digitalizatu hori Bizkaiko Foru Aldundiaren artxiboetan gordeta geratuko dela zehaztu dute, “lurralde historikoaren ondare immaterial modura”.
Katalogo bat ere bai. Erakusketaz gain, argazkilariak funtsa osatzen duten ia irudi guztiak biltzen dituen katalogo bat ere egin du. Argazkiak aberasten eta testuinguruan kokatzen dituzten hainbat testu ere badaude katalagoan, beste hainbeste gauzaren artean; esate baterako, Arrantzaleen Museoko zuzendari ohi Aingeru Astuik ezizenei buruz egindako hausnarketa edota Bermeoko alkate Aritz Abaroak idatzitako zenbait lerro.
Bizkaiko Foru Aldundiak koordinatzen dituen Ondarearen Europako Jardunaldien baitan zabaldu zuten erakusketa joan den urteko urrian. Hala eta guztiz ere, ekainaren 26ra bitartean bisitatu ahalko da. Joan den urteko azaroan, gainera, erakusketa Ertzilla dorreko hormetatik atera zuten, eta herriko hainbat saltokitako erakusleihoetan ikusi ahal izan ziren hango argazkietako batzuk. «Bermeotarrak partaide egiteko» asmoz atera zituzten argazkiak kanpora; “euren egunerokotasunean helduek oroitzapenen artean gordetzen dituzten zenbait eszena aurkeztuz”.
Erakusketa bisitatzeko asmoa daukaten horientzako honakoa da Arrantzaleen Museoaren ordutegia: martitzenetik zapatura, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara eta domeka eta jai egunetan, 10:00etatik 14:00etara.
Erakusketak belaunaldien arteko ekintza batzuk garatzeko bidea eman du, gainera. Horri lotuta, belaunaldien arteko topaketak eta Eizu erretratue izeneko argazki lehiaketa ere egin dituzte.