Lurra zaintzearen garrantzia
Haurrek ipuin kontaketa berezi eta konprometitua entzuteko aukera izango dute Ekoetxea Urdaibain; planeta bakarra dela eta zaindu behar dela ikasiko dute, 'Mamma Miti' bezalako pertsonaiei esker.
Ingurumena zaintzearen garrantzia ulertzen laguntzeko ipuin kontaketa antolatu du Busturiko Ekoetxea Urdaibaik, umeei zuzenduta. Urtarrilaren 15ean izango da saioa, 17:00etan, eta umeentzako jarduera izan arren, adin guztietako publikoarentzat izan daiteke interesgarria.
Hain zuzen, uraren, zuhaitzen eta fruituen garrantziaz jabetuko dira entzuleak, hainbat ipuin eta horietako protagonisten bitartez. Besteak beste, Wangari Muta Maathai bezalako emakumeak ezagutzeko aukera izango dute. Zuhaitzen ama edo Mamma Miti bezala ezaguna ere bada Maathai, eta hark utzitako haziari buruz ere ariko dira zapatuan. Era berean, hark egin zuen moduan, saioko parte hartzaileek ere hazi txikia ereiteko aukera izango dute.
Green Belt Movementaren bultzatzailea, Bakearen Nobel Saria hartu zuen 2004. urtean, bakearen, demokraziaren eta garapen iraunkorraren alde egindako lanagatik. Hala, Nobel Saria jaso duen lehenengo emakumezko afrikarra da bera.
2011. urtean zendu zen, baina hark landatutako haziak fruituk eman ditu. Adibidez, Mamma Miti, Wangari’s trees of peace eta Wangari Maathai izeneko liburuak kaleratu dituzte emakume horrek egindako ekarpenean oinarrituta.