Ipuin musikatua Euskal Herria museoan
Doro Zobaran busturiarrak Ernest Hemingway idazlearen 'Agurea eta Itsasoa' narrazio famatuaren moldaketa bat eskainiko du
Indalexio eta arraintzarra izeneko kondaira izango da entzungai domekan [urtarrilak 16], Euskal Herria museoan. Doro Zobaran busturiarraren eskutik izango da kontakizuna, eta berezia izango da: kontakizun musikatua izango da Zobaranek 12:00etatik aurrera eskainiko duena.
Hemingway & Euskal Herria erakusketa dago ikusgai Euskal Herria museoan, urtarrilaren 31 bitartean, eta harekin lotutako jarduera da domekakoa. Martxoan inauguratu zutenetik, hainbat ekintza egin dituzte idazle eta kazetari estatubatuarrarekin lotutakoak. Oraingoa, umeei zuzendutakoa izango da.
Hala, museora gerturatzen diren umeek eta haien familiek ipuin kontaketa berezi bat bizitzeko aukera paregabea izango dute. Kasu honetan, hain zuzen, Ernest Hemingway idazlearen Agurea eta Itsasoa narrazio famatuaren moldaketa bat izango da ipuin kontalari busturiarrak eskainiko duena.
Saioa 4 urtetik gorako umeei zuzenduta dagoela jakinarazi dute, eta heldu batek lagunduta joan beharko dute. Izena eman gura duenak 946255451 telefono zenbakira deitu beharko du erreserba egiteko.