Emakumezkoen Euskal Ligako urteko lehenengo partidua hartuko du Urbietak asteburuan
Gernika Rugby Taldeak Eibar Rugby Taldearen kontra jokatuko du zapatu arratsaldean [urtarrilak 15].
Asteburuan errugbia itzuliko da Urbietara, Ohorezko Mailako eta Emakumezkoen Euskal Ligako partiduekin. Emakumezkoen ligan Gernika Rugby Taldeak Eibarren kontra jokatuko du zapatuan [urtarrilak 15], 16:00etatik aurrera.
Klub gernikarrak aurreko asteburuan jokatu behar zuen ligaren bueltako zein 2022ko lehenengo partidua, baina RC Riojaren kontrako partidua bertan behera geratu zen: “COVIDagatik bakartuta egon ziren batzuk, eta gutxi egon zirenez, atzeratu egin zen. Baina ez dakigu noiz jokatuko dugun. “.
Hain zuzen ere, Gernika RTko jokalari batzuek ere COVIDa pasatu dute Gabonetako oporraldian, eta entrenamenduetan eragina igarri dute: “Getxoko lehenengo taldeko jokalari batzuk etorriko dira gugaz jokatzera, eurek ez daukatelako partidurik. Beraz, jende gehiago egongo gara. Apur bat eskas gaude, Gabonetan askok pasatu dugu koronabirusa, eta entrenatzerakoan igarri dugu arnas falta. Baina, gogotsu gaude”.
Ligaren bueltako partidua bada ere, denboraldi honetan Eibarko taldearen kontra lehiatuko diren lehenengo aldia izango da. Izan ere, liga hasierako joaneko jardunaldi hartan oraindik taldea osatu gabe eduki zuten Gernika RTkoek eta Getxo RTkoek: “Taldea irtengo zen edo ez dudatan egon ginen. Eibarreko bigarren taldea da, baina ez dakigu zelako jokalariak diren. Printzipioz hamabina jokalarigaz jokatuko dugu, hamasei fitxa baldin bagaude, hamabostera jokatuko dugu”.
Abenduaren 11n jokatu zuten aurreko ligako partidua, eta hilabete lehiatu barik egon direnez, gogoz daudela azpimarratu dute Gernika RTko jokalariek: “Lehiatzeko gogoak dauzkagu, eta baita hilabete honetan ikasi duguna praktikan ipintzeko ere. Gogotsu gaude, gainera, etxean jokatzen dugu. Jende ezaguna etortzen da ikustera eta animatzera, eta indarra ematen digu horrek, eta gogo gehiagogaz egoten gara”.