Salbuespen egoeren berri eman gura izan du Busturiko Sarek
Busturiarrek etxeetan eskuorri bat jaso dute "informazio guztiagaz"; gainera, informazio panel bat ere egin dute, auzoz auzo mugituko dutena.
“Salbuespen politika alde batera utziz gero, presoen egoera asko hobetuko litzatekeela esaten du Sarek, eta legea betetzea baino ez dela. Herritarrek hori entzuten dutenean, zertaz ari garen ondo jakitea gura dugu”, esan dute Busturiko Sareko kideek. Horretarako, busturiarrek etxeetan eskuorri bat jaso dute “informazio guztiagaz”.
Aipatu eskuorri horietan, salbuespenezko espetxe politiken berri ematen dute, hain zuzen ere. Uste dute horiek direla euskal presoek etxerako bidea garatzeko “oztopo eta muga nagusia”. Hala, salbuespenezko espetxe politikagaz amaitzeko eta “euskal preso denak etxerako bidean jartzeko” ordua dela diote.
El Dueso (Kantabria) kartzelan dagoen Eneko Goieaskoetxearen eta Aita Mennin dagoen Kepa Arronategiren egoerak ere nabarmendu ditu Sarek eskuorrian. Gainera, informazio panel bat ere egin dute; Altamiran izan dute, baina auzoz auzo mugituko dute.