Bermeoko Herri Babesak 32 sute itzaltzeko lanak egin ditu, 2020an baino 9 gehiago
Ia egunero irteeraren bat edukitzen dutela dio Herri Babeseko koordinatzaile Jon Ojangurenek; atzo, esate baterako, luizi txiki bat egon zen Frantxuene inguruan.
Aurten ere, joan den urtean egindako lanen balantzea egin du Bermeoko Herri Babesak. Hainbat dira boluntarioek egiten dituzten lanak, eta horien artean daude suteak itzaltzeko lanak. 2020agaz alderatuta, 2021ean, sute gehiago itzaltzeko lanetan parte hartu zuten boluntarioek; mota guztietako 32 sute itzaltzeko lanetan egon zirela zehaztu dute. Alarma faltsuren bat edo beste ere eduki zuten, bost, hain zuzen ere. 2020an 23 sute itzaltzeko lanetan parte hartu zuten, urte horretan, baina, “behartuta” jendea denbora gehiago egon zen etxean, eta sute kopuruen datuetan nabari zela esan zuen iaz Bermeoko Herri Babeseko koordinatzaile Jon Ojangurenek.
Iazko unerik gogorrena zein den esaten ez daki Ojangurenek: “Gertatzen dena da momentuan gogorra eta zaila dela iruditzen zaizuna denbora pasatuta ez dela horren gogorra modura gogoraratzen. Baina, normalean, suteak izaten dira esku hartzerik gogorrenak, hau da, inpakturik handiena daukatenak, egoeraren segurtasun ezagatik. Sute batean ez da ikusten, ke asko egoten baita, ia itsuka sartzen gara. Beroa sentitzen hasten zara, eta orduan botatzen dugu ura, baina askotan ikusi barik. Askotan, ez da horrenbesterako izaten edo alderantziz, uste baino gehiagorako izaten da”.
Arriskua daukaten fatxada eta teilen erorketa ugaritan parte hartzen dutela gogorarazi dute; iaz, 43 aldiz egin zituzten mota horretakoak, aurreko urtean baino “nahikoa gehiagotan”, eta urtea ere modu berean hasi dutela aipatu du. Atzo, esatereko, Frantxuene inguruan egon ziren, “mendia apur bat behera etorri eta luizi txiki bat egon da”.
Bestetik, jausteko arriskuan zeuden hemeretzi zuhaitz kentzeko lanak ere egin zituzten. “Mota horretako lanak arrisku gutxiagoko esku hartzeak direla uste badugu ere, Gabonetan, Zabalene inguruan, Solluben, arriskua ikusi genuen. Bi zuhaitz kentzera hurbildu ginen eta joan ginenerako lau zeuden erorita. Mozten ari ginen bitartean, beste batzuk ari ziren jausten, haize handia zegoen. Ikara apur bategaz lan egin genuen”.
Denboraleengatik (itsaso, haize…) ere hainbat irteera egiten ohi dituzte; iaz, denetara, hamasei egin zituzten, 2020an baino gutxiago; 21 izan ziren orduan.
Arriskuan dauden animaliei laguntza emateko irteerak ere egin zituzten, zazpi, hain zuzen ere; liztorrak kentzeko irteerak, berriz, hamabost izan ziren.
Gaztelugatxeko San Juanera zazpi irteera egin zituzten boluntarioek –2020an, hamalau egin zituzten–.
Horiez gain, beste hainbeste esku hartzetan parte hartu zutela aipatu dute: instalazio elektrikoak (8); sorospenak etxeetan (14); gas, amoniako edo erregai isuriak (10); ura kendu (12); auto istripuetan arriskua daukatenei asistentzia (7)… Ia egunero irteeraren bat daukatela aipatu du Herri Babeseko koordinatzaileak.
Urtero legez, iaz, hainbat txosten egin zituzten: erreken egoerak aztertu zituzten, herriko zein BI-631 errepideko kutxatilak, oinezkoen pasabideak, edukiontziak, biribilguneak, eraikinak, kaleak, zuhaitz guneak… Era berean, herrian egon daitezkeen arriskuei buruzko azterketak eta protokoloak ere egin zituzten. Eta, zelan ez, herrian antolatzen diren kultur ekimenetan ere boluntarioen presentzia ez da falta izan.
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bermeoko Udalak sinatutako lankidetza hitzarmenari esker, Bermeoko Herri Babesak beste suhiltzaileen kamioi bat jaso zuen azaro amaieran. Kamioi berriak herritarrei eta boluntarioei segurtasuna emango diela azaldu zuten. Hala ere, Ojangurenek azaldu du kamioiaren altueragatik baldintzatuta daudela: “Alde Zaharrera ezingo gara horregaz sartu, baina ondo dago gainontzeko lekuetara joateko. Zaharrak urte asko ditu, baina konpondu egingo dugu, eta Alde Zaharrerako erabiltzen jarraituko dugu”.
Gaur egun, hogei boluntario inguru daude taldean, baina 10-12 inguru ibiltzen dira normalean lanean. Ateak zabalik dauzkatela gogorarazi du beste behin ere Ojangurenek. Bi baldintza bakarrik bete behar dira Herri Babeseko boluntario izateko: 18 urtetik gora edukitzea eta Bermeon bizitzea. Interesa daukatenek Berhaz bulegoan izena eman dezakete. Gogoratu du, hala ere, orain boluntario berriek ikastaro txiki bat egin behar dutela sarean, “erraz” egiten dena. Herritarrak animatu ditu boluntario egitera: “Zenbat eta boluntario gehiago, hobeto”.