Farmazia proba batean positibo ematen duena etxean isolatu behar da, baina ez du jakinarazpenik eman beharko
Bestalde, ikastetxeetako protokoloa eguneratu dute. Ikasgelan positibo bat edo batzuk agertzen badira ere, umeek ez dute berrogeialdirik eta probarik egin beharko sintomarik ez badaukate.
Orain arte, farmaziako antigeno proba batean positibo ematen zuenari eskatzen zitzaion osasun sistemari jakinarazteko, baina, hemendik aurrera, farmazian egindako proba batean positibo ematen duena etxean bakartu beharko da, baina ez dio Osakidetzari jakinarazi beharko. Dena dela, sintomek okerrera egingo balute, Lehen Arretan artatuko lukete: “Baja bat kudeatzeko pertsonak baieztapena behar badu, webguneko formularioa bete behar da, botikako testari buruzkoa, positiboa dela baieztatzeko”.
Hezkuntza. Bestalde, ikasleak protokolo eguneratuagaz bueltatu dira ikastetxeetara eta Osakidetzak irizpide berriak ezarri ditu berrogeialdiak eta probak egiteko.
Umeek ez dute berrogeialdirik eta probarik egin beharko, ikasgelan positibo bat edo batzuk agertzen badira ere. Salbuespen bakarra egongo da: gaixotasunen bat edukitzeagatik zaurgarriak diren umeak. Hala dio ikastetxeetara bidali duten oharrak: “Ikasgelako inor ez da kontaktu estutzat hartuko, hurrengo kasuan izan ezik: osasun arrisku talderen bateko pertsonak direnean”. Gainerakoek, berriz, eskolara joaten jarraitu ahal izango dute, eta ez dute probarik egin beharko.
Ohar horretan, sintomak agertzen diren begiratzeko eta prebentzio neurriak “ahalik eta gehien” zorrozteko eskatzen diete. Halaber, ikastetxeari jarraipena egingo diotela nabarmentzen du oharrak: “Ikastetxean egon daitezkeen kasu kopuru edota pilaketen jarraipena egingo da Hezkuntza Sailagaz batera”.
Espainiako Osasun Publikoko Batzordeak hezkuntzarako aholku bat egin du. Gomendatu du gutxienez bost ikaslek positibo eman arte ez ixteko ikasgela.
Eguberrietako oporren ostean, umeek beste neurri berri batzuk ere izango dituzte ikasgeletan. Berritasunen artean, maskara jolastokietan ere erabili behar dute ikasleek, eta ikasgela osoak izango dira burbuilak.
Urrian maskarak kendu ziren aisialdirako, eta kanpoaldean Bigarren Hezkuntzarako; distantziak zainduta, bazkaltzeko edota jarduera fisikoa egiteko kendu zitezkeen maskarak. Orain, baina, derrigorrezkoak izango dira jolasteko guneak kanpoaldean egonda ere.
Hala ere, sei urtetik beherakoek, Hezkuntza Bereziko gela egonkorrek eta Hezkuntza Bereziko ikastetxeetako ikasleek ez dute maskararik eraman beharko. Hori bai, sei urtetik beherakoei autobusean maskara erabiltzea gomendatu diete.
Ikasgela barruko taldeei erreparatuta, burbuila taldeak itzuliko dira: tutorearekin batera ikasle kopuru mugatua duen ikasgela hartuko da burbuilatzat berriro. Izan ere, urrian, maila bereko ikasgela desberdinetako ikasleekin kanpoan elkartzeko aukera zabaldu zuten; orain, mugatu egin dute berriro.
Eskola kirola bertan behera utzi dute urtarrilaren 28ra bitartean. Soilik entrenamenduak egingo dira, lehiaketarik ez, eta, ahal dela, kanpoaldean edo ondo aireztatuako barrualdeetan egin beharko dira entrenamenduak.
Neurri horiek pandemiaren bilakaeraren arabera alda daitezkeela adierazi dute.
Txertaketari dagokionez, sailburuak berriro egin du deia txertoa jartzeko, bai 5-11 urteko kolektiboarentzat, bai errefortzu dosirako 45 urtetik gorakoentzat, baita aurretik txertorik hartu ez duten guztientzat ere. Osakidetza 40 urtetik gorako pertsonei txertoak jartzeko hitzorduak ematen hasi da indartze dosia emateko.