Cienciasen kontrako porrota
Ohorezko Mailan, Gernika RTk 45 eta 15 galdu du Cienciasen kontra, Sevillan. Asteburu honetan Burgoseko taldea hartuko du Urbietan.
2021a garaipenagaz agurtu zuten basurdeek, eta 2022a, ostera, porrotagaz hasi dute. Ohorezko Mailaren 8. jardunaldian, Gernika Rugby Taldeak 45 eta 15 galdu zuen Ciencias Enerside taldearen kontra atzo eguerdian [urtarrilak 9], Sevillako La Cartujan.
Garaipen gosez, puntuen beharrean zeuden biak ala biak. Aurreko zazpi jardunaldietatik bakarra irabazi du talde gernikarrak, eta bi sevillarrak.
Etxeko taldeak neurketa hasi eta minutu gutxira hartu zuen aurrea markagailuan. Cormac Eoin Fox irlandarra izan zen, zigor ostiko bategaz, bere taldea aurreratu zuena. Gernikarrak gogor trebatu ziren egoera lehenbailehen iraultzeko. Hamargarren minutua pasatuta, Ruan Wassermanek hiruna berdintzea lortu zuen. Talde andaluziarra erasoan bizi eta indartsu aritu zen. Jody Maihi Allen zeelandaberritarraren eskutik heldu zen partiduko lehenengo entsegua, entseatutakoa zirudien jokaldi batean.
Basurdeak defentsan ahal bezain beste eusten ahalegindu ziren, baina denbora gutxira etxekoek bigarren entsegua egin zuten. Samuel Wasleyk gauzatu zuen, eta Fox-en transformazioarekin, markagailuan 17 eta 3koa jartzea lortu zuten. Hain zuzen, lehen bi entseguak jokaldi berdintsuetan eskuratu zituzten.
Lehen ordu erdia betetzear zela, Gernika RTko Francisco Jose Gonzalezi txartel horia atera zion epaileak, joko zikina egotzita. Ondorioz, klub gernikarra hamar minutuz jokalari bat gutxiagogaz aritu zen berdegunean. Denbora-tarte horretan Sevillako taldeak hirugarren entsegua lortu zuen (24-03). Wasleyk egin zuen hirugarren entsegu hori ere.
Gonzalezen zigorraren hamar minutuak beteta, Franco Lopez etxeko jokalariak ere txartel horia ikusi zuen, Gonzalezen arrazoi beragatik. Lehenengo zatiaren 40 minutuak beteta Jon Aboitizek lehenengo entsegua lortu zuen Gernika RTrentzat. 24 eta 8ko markagailuagaz heldu ziren atsedenaldira.
Bigarren zatiaren bosgarren minutuan, Albertus De Bod basurdeak bigarren entsegua egin zuen, eta Iker Olaeta kapitainaren transformazioarekin 24 eta 15ekoa ezarri zuten markagailuan. Ondo hasi zuten bigarren zatia, baina, bestelako amaiera izan zuen. Izan ere, azkenengo hogei minutuetan murgilduta zeudela, hiru entsegu gehiago lortzeko gai izan zen etxeko taldea–dagozkien transformazioekin–. Ignacio Salazarrek, Vincet O ́Brienek eta Gabriel Roldanek gauzatu zituzten horiek.
Hurrengoa, etxean. Sevillako bidaiatik bueltan, asteburu honetako etxeko partidua prestatuko dute basurdeek. Recoletas Burgos – Universidad de Burgos taldea etorriko da Urbietara. Ohorezko Mailako 9. jardunaldia domekan [urtarrilak 16] lehiatuko dute, 12:00etan hasita.
Ligaren 2. jardunaldian 34 eta 13 irabazi zion Burgoseko taldeak Gernika-Lumokoari. Sailkapenaren azkenengo postuetan daude biak ala biak. Azkenengoa–12.– da Gernika RT, 6 puntugaz, eta Burgos hamargarrena 13 puntugaz–bi garaipenenegaz–.