Bere kiroltasuna eta errespetuzko jokabidea berretsi ditu Gernika KESBek
Eurokoparen Mersinen kontrako partiduaren inguruan sortutako polemikaren harira, komunikatu ofiziala argitaratu du Gernika-Lumoko saskibaloi klubak. Abenduaren 18tik urtarrilaren 5era bitartean bizi izan zutenaren kontaketa kronologikoa egin dute. Gertatutakoak hausnarketarako zein protokoloak eta komunikazio-bideak "optimizatzeko" balio izatea espero dute.
Turkiako amesgaiztoa ahaztu eta kirol jardueragaz normaltasunez jarduteko momentua bada ere, sortutako polemika eta zalantzak argitu asmoz, komunikatu ofiziala argitaratu du Gernika KESBek gaur [urtarrilak 10].
Abenduaren 18tik urtarrilaren 5era bitartean bizi izan zutenaren kontaketa kronologikoa egin dute. Gertatutakoak hausnarketarako zein protokoloak eta komunikazio-bideak “optimizatzeko” balio izatea espero dute: “Gernika KESB klub txikia da, joko garbia, kiroltasuna eta errespetua oinarri dituena. Garenaz eta ordezkatzen dugunaz oso harro gaude, eta gure inguruko umeei transmititzen saiatzen gara. Ezin dugu onartu inork zalantzan jartzea. Ez dugu gura beste talde batzuek guk bizi izan duguna sufritzea, eta horregatik, bizitakoak hausnarketarako eta protokoloak eta komunikatzeko moduak optimizatzeko balio izatea nahi dugu”. Halaber, Espainiako Saskibaloi Federazioaren, Jorge Garbajosaren, Oscar Graefenhein eta batez ere Elisa Aguilarren laguntza eta babesa eskertu dute.
Final-hamaseirenetarako sailkatzeko kanporaketan, Lointek Gernika Bizkaia CKB Mersin talde turkiarraren kontra lehiatu da. Abenduaren 22an nagusitasunez irabazi zuen joaneko partidua Malosten: 83 eta 59. Klub gernikarrean COVID-19aren kasu positiboengatik bueltakoa atzeratu egin zuten, eta urtarrilaren 4ean jokatu zuten.
https://twitter.com/GKesb/status/1478408214098202634
Urtarrilaren 2an antigeno testak egin eta denek negatibo eman zuten, eta FIBAri jakinarazi. Biharamunean, Estanbuleko aireportuan PCR probak egin zituzten, denek negatibo eman zute, eta FIBAri jakinarazi zizkioten emaitzak. Gau horretan, Adanara heltzean, FIBAko Ryzhyk komisarioaren aurrean, “inolako dokumenturik barik” hiru pertsona hurreratu zitzaizkien eta PCR probak egin behar zituztela esan zieten. Estanbuleko aireportuan egindako proben emaitzak erakutsi zizkieten, baina FIBAren komisarioak horien baliozkotasuna ukatu zien, eta bertan egitea exijitu zien. Adanako aireportuko gela batean egin zituzten probak: “Eurek izendatuta, jokalarien izenekin ekarri zituzten ontziak. Gainera, CBK Mersineko bi kide musukorik barik egon ziren dena gainbegiratzen”.
Partiduaren egunean bertan, eguerdian eman zizkieten PCR horien emaitzak–16:00etan zen partidua–, eta Belen Arrojo jokalariak positibo eman zuela esan zieten. 13:50ean bertako ospitalean beste PCR proba bat egin zuen, eta horretan negatibo eman zuela partidua amaitu ostean jakin zuten.
Bueltako partidu hura 69 eta 40 galdu zuen talde gernikarrak, eta beraz, bost puntugatik txapelketatik kanpo geratu zen.
Gernika-Lumoko saskibaloi klubaren webgunean irakurri daiteke komunikatu osoa.