Argazki zaharren bitartez, Berreraiketa garaira salto
Gernikazarra historia taldeak Berreraiketa garaiko Gernika erakustea erabaki du Artekale kaleko arkupeetan jarritako erakusketa baten bitartez. Urtarrilaren 15era arte egongo da ikusgai.
Aurreko belaunaldiei, garaian garaiko bizimoduari eta herriei buruzko informazioa ematen duten altxorrak dira argazki zaharrak. Errealitatearen islada. Iragana gogoratzeko balio duten tresna eraginkorrak dira, eta horiek duten balioa azpimarratu gura izan du oraingoan ere Gernikazarra historia taldeak.
Gernikaren historia zabaltzen diharduen taldea da Gernikazarra, eta iaz egin legez, aintzinako argazki erakusketa baten bidez, udalerria Berreraiketa garaian zelakoa zen erakustea erabaki du: taldeak dituen argazki-artxiboaren zati baten erreprodukzioak jarri ditu jendaurrean, Artekale kaleko arkupeetan. Urtarrilaren 15era arte egongo da ikusgai.
Argazki erakusketagaz, gerra osteko bizitza eta hiriaren berreraiketaren urteak erakusteko erakusketa ziklo bati hasiera eman diote. Lehen erakusketa honegaz, joan den mendeko 40 eta 50 urteetako zenbait irudiren bidez, gerra osteko gernikarrak ikusi –ezagutu ere bai– ahal daitezke euren eguneroko zereginetan. “Euren bizitza berreskuratzeko ahaleginean ikus ditzakegu, hiria berreraikitzen zihoan bitartean. Gure gurasoak edo aiton-amonak izan daitezke argazkietan ageri direnak. Argazkiak urte latz haietako euren bizitzako momentuak dira”, azaldu dute arduradunek.
Hain zuzen ere, garai hartako ekitaldien argazkiak ikus daitezke, Motobonbaren aurkezpena kasu. Jaietako argazkiek eta garaiko erlijio ekimenek ere euren lekua dute erakusketan, baita langileek, herriko tabernariek zein dendariek ere.
Garai hartako gernikarren herria zelakoa zen erakutsi dute horrela. “Gure aurrekoek ezagutu zuten bizitza da argazki zahar hauek berregiten laguntzen digutena”, diote taldeko kideek. Lehengo kale eta eraikuntzez gain, garai hartakoen eguneroko zereginak eta bizimodua ageri dira.