Etxebizitza hutsei irtenbidea emateko eskatu du EH Bilduk
Koalizioak emandako datuen arabera, "arrazoi desberdinengatik", Bermeon 1.334 etxebizitza huts daude; bost udalarenak dira eta beste bost Berualarenak
Bermeon dauden etxebizitza hutsei irtenbidea eman behar zaiela uste dute Bermeoko EH Bildukoek. Modu horretan, zenbait eskaera aurkeztu dituzte udal gobernuak kontuan eduki ditzan.
Bermeoko EH Bilduk jakitera eman duenez, Etxebiden alta emandako espediente kopuruaren arabera, Bermeon 362 eskatzaile dira alokairu sozialeko etxebizitzaren premia daukatenak eta 75 eskatzaile dira, berriz, erosteko premia agertu dutenak.
Diotenez, «arrazoi desberdinengatik», 1.334 etxebizitza huts daude herrian, «auzo eta eraikuntza zaharretan zein azkenaldian eraikitakoetan». Hutsik dauden etxebizitza horietako bost udalarenak direla aipatu dute, eta beste bost Berualarenak. Azken horietatik lauk, hala ere, bizigarritasun baimenik ez daukatela jakitera eman dute koalizio abertzaleko zinegotziek.
Aipatu egoera konpontze aldera, Bermeoko Udalaren eta Berualaren jabetzako etxebizitzen bidegarritasuna aztertu eta herritarren eskuetan jartzeko eskaera egin dio EH Bilduk udal gobernuari: «Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailagaz harremanetan jartzeko eskatu dugu, irtenbide bat bilatzeko. Baita ere, esan beharra dago Jaurlaritzak etxebizitza zaharrak berritzeko diru laguntzak martxan jarri dituela, eta hori aukera bat izan daitekeela etxebizitza horiek merkaturatzeko».
Gazteen emantzipazioa. Gainera, uste dute «beharrezkoa» dela herriko gazteek dauzkaten emantzipaziorako aukerak aztertzea. Bide horretatik, berriro ere, emantzipaziorako diru laguntzak martxan jartzea «beharrezkoa» dela deritzote, eta horiek bideratzea eskatu diote udalari.
2015ko ekainean aurkeztu zen Euskadiko Etxebizitzaren 3/2015 Legea kontuan hartzeko eskaera egin dio EH Bilduk udal gobernuari. Aipatu legeak 149/2021 dekretuaren bidez ematen dituen eginkizunak udal egituran betetzea gurako lukete, eta horretarako beharrezkoak diren baliabide materialak eta giza baliabideak eskatu dituzte. Aipatutako dekretuan ezarritako prozedura jarraituta, bestalde, jenderik gabeko etxebizitzak deklaratzeko espedienteak hastea ere ondo legokeela adierazi dute.