Eraiste lanak hasi dituzte Eako paper fabrika zaharrean
Lantegi zaharreko eraikin batzuk URAk botako ditu, eta Eako Udalak, berriz, biltegia zegoen eraikina botako du.
Uraren Euskal Agentziak Eako Bidebarrietako paper fabrika zaharreko zenbait eraikin botatzeko obrak hasi zituen aurreko astean. Horrela, eremu hori lehengoratzeko bideari ekin diote.
Elkarren mugakide diren bloke isolatuen segida batean ari dira lanean, “990 metro koadroko oinplanoko azalera hartzen dute”. Eraikinak landarediak estalita daude, eta landaretza hori eraikinen zirrikituetatik sartu denez, landaretzak kentzen ari dira.
URAren lanen lehenengo fasea da honakoa, eta lehen fase honetan eraitsitako eraikinen zolatak eta zimenduak zaharberrituko dituzte bigarren fasean.
Eako Udalak, berriz, industria-gune zaharreko eraikin luzea, biltegia zena botako du.
Herrigunetik nahikoa gertu dagoen eremua da, eta errekaren ibilguan ere eragiten duten eraikin batzuek. Horiek kentzeak biodibertsitatea arloan dakartzan hobekuntzez gain, traba horiek ez egoteak uholdeetan ere lagunduko duela deritzote.
Lehengoratu eta biziberritu. 2017an paper fabrikaren parte bat bota zuen orduko lursailaren jabeak Banco Popular banketxeak. 2019ko hasieran, berriz, udalak erosi zuen lursaila.
Eremu horretan, Eako Udalak aparkaleku bat, aisialdirako gunea eta jarduera ekonomikorako gune bat egokitzea aurreikusi du. Hain zuzen, ingurumena, jarduera ekonomikoa eta aisialdia uztartzen dituen proiektu hori “herritarrei begirako proiektua” dela nabarmendu dute udal arduradunek.
Hala, udalak Bizkaiko Foru Aldundiagaz lortutako akordioari esker, herrigunetik paper fabrikara arteko tartea oinezkoentzat egokituko dute. Tarte batean oinezkoen pasabidea dago gaur egun, eta hori luzatu nahi dute lantegiaren lursailen pareraino.