Elkarbizitzatik eta baketik, etxerako bidea egin
Sarek mobilizazioa deitu du abenduaren 31rako, eta presoek, haien senideek, iheslariek eta deportatuek bizi duten egoerari irtenbidea emateko eskatuko dute Gernika-Lumoko kaleetan.
“Elkarbizitzarako, bakerako, eta etxerako bideak ez dau etenik izan gurean”. Gernika-Lumoko Sarek mobilizaziora deitu ditu herritarrak, abenduaren 31n. Covid-19aren ondorioz, espetxeetako egoerak okerrera egin duela nabarmendu gura du Sarek, “bai preso diraenentzat, bai bisitara doazen senideentzat ere”. Errealitate hori ezin da ahaztu, ezta alboratu be. Horregatik, kalean elkartzeko deia egin die Gernika-Lumoko Sarek herritarrei, abenduaren 31n, 18:00etan, Foru plazan.
Aurrera egin gura dutelako, “urteetan luzatzen ari diren sufrimenduak desagerrarazi gura ditugulako”. Eskubideen urraketa behin betiko amaitzea gura dutela aipatu du Sarek, konfrontazinoaren aroa atzean utziz: “Gure ondorengoei etorkizun eta irakaspen hobeak utzi gura dizkiegu”. Horregaitik, urgentziaz, oraindik konpondu barik dagoen euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratze prozesua amaieraraino gauzatu behar dela exijituko dute kaleetan, “eta guztion ahalegina ezinbestekoa da bide horretan”.
Era berean, auzia konpontzeko Sarek ezinbestekotzat jotzen du larri gaixo dauden presoen berehalako kaleratzea, urrunketa politikoaren erabateko amaiera, graduen progresioa presoek beraien etxeratze prozesua abaitu ahal izateko, zigorren batuketa eta bakartuta dauden emakume presoak bateratzea. Azken finean, salbuespen legedia bertan behera uzteko eta lege arruntaren ezarpena bermatuko duen espetxe politika berria martxan jartzeko eskatuko du Sarek.
Bertsoa espetxeetaraino. Urtero legez, presoei bidaltzeko postala banatuko dute. Maitane Azurmendirena da marrazkia, eta Aitor Etxebarriazarragarena bertsoa. Postala bera, Eixu estudioak egin du. Hain zuzen, gernikarrei eskatu gura diete postal horren bitartez lerro batzuk bidaltzeko Eneko, Jabi, Kepa edo gainerako euskal presoei.
BERTSOA
Ureztatu itzala
elkar banatzeko
hari librean
argi bidean
zidor bakoitzeko
loratu gaitzala.
Ez gerorik umeldu
ilusiorik ketu
dena ez da lorratz
ezer bezain zehatz
itxaropenak lehertu
baietz eskutik heldu